Sortuko lau militanteren atxiloketaren aurrean

Az, 2020/01/22 - 17:43 argitaratua

Sortuko lau kideren gaurko atxiloketak direla eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Hasteko eta errepresioaren aurrean beti egiten dugun moduan, elkartasuna adierazi nahi diegu atxilotuei. Era berean, Guardia Zibila bezalako erakunde terrorista batek Euskal Herrian aurrera daraman jarduera salatu nahi dugu.

Paradoxikoa da Guardia Zibilak oraindik “terrorismoaren kontrako” etiketa daramaten operazioak aurrera eramatea, herri honetan norbaitek izua zabaldu badu Guardia Zibila bera izan denean. Guardia Zibila jipoietan, torturetan eta erailketetan aditua da. Guardia Zibilak ekintza terroristak aurrera eramaten ez dauka parekorik.

Ekintza terrorista hauek guztiak, ordea, ez dituzte haiek bakarrik aurrera eraman, eta horretarako sasi-bakezaleen babes osoa izan dute, Espainian egoitza zentrala daukatenen babesa zein Euskal Herrian daukatenena. PSOE eta PPren nahia Euskal Herria otzantzea izan da beti. PNVrena ere bai, baita orain Podemosena ere. Haiena ez da bakea, zapalkuntza eta errepresioa baizik.

Zapaltzailearen ideologia ezartzeko orduan erabateko garrantzia daukate erabiltzen den terminologiak eta gatazkaren aurrean finkatzen diren jarrerak, eta hortxe errepresaliatu politikoen gaia bete-betean sartzen da. Ez da gauza bera zapalkuntzaren aurrean matxinatu direnak terrorista gisa ala gudari gisa aurkeztea, ezta indar okupatzaileak heroi gisa ala torturatzaile gisa aurkeztea. Ez da gauza bera presoei merezi duten harrera politikoa egitea ala harrera hauek ezkutuan egitea. Hortik gaurko operazio poliziala.

Alderdi horretan ezinbestekoa da etsaiari arerio politiko ez deitzea, eta “bake” hitzaren benetako esanahia ez desitxuratzea. Bakea ez da inoiz etorri injustizien aurrean ez matxinatzetik, injustiziak desagertzetik baizik. Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bakea borrokaren bidetik erdiesteko saiakeran jarraitzeko deia egiten du. Jo eta ke amnistia lortu arte!

Euskal Herria, 2020ko urtarrilaren 22a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.