Sevilla II-ko preso politikoek hilabete bat daramate medikurik gabe

Og, 2020/03/12 - 00:42 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu nahi du Sevilla II-ko espetxeko isolamendu galerian hilabete bat daramatela medikurik gabe. Bertan 10 euskal preso politiko dago bi galeria ezberdinetan banaturik.

Sevilla II-ko kartzelak bere irekieratik erakutsi du presoen eskubide minimoenak ere urratzeko jarrera, eta 2009ko bukaeran eta 2010eko hasieran lehenengo euskal preso politikoak jaso zituenetik, etengabeak izan dira hauek estu hartzeko aurrera eramandako jarduera.

Sevilla II-ko Zuzendaritzak zein kartzelariek euskal preso politikoekiko mantendutako jarrera erasokorra izan da beti. Gertakizun errepresibo azpimarragarrienen artean 2012ko azaroan Marcos Martin Ponce GRAPOko preso politikoari emandako jipoia (konorterik gabe utzi, hortzak apurtu eta egun batez ohe batera lotuta mantendu zuten, sikiera txiza egiteko askatu gabe), Arkaitz Bellon Elorrioko preso politikoari 2013ko martxoan emandakoa (2014ko otsailaren 4an Puerto I-eko ziega batean hilik agertu zen), edo euren eskubideen alde euskal preso politikoek 2014ko urriaren 28tik aurrera hilabete batez mantendutako gose greba egongo lirateke.

Isolamenduko presoek hilabete oso bat daramate medikurik gabe, osasunerako haien eskubidea urraturik, eta nahiz eta urraketa hau orain modu argiago batean Sevilla II-n agertzen zaigun, Espainiar Estatuaren espetxe politikaren ezaugarrietako bat da preso eriekiko asistentzia mediku eza. Preso politikoen kasuan urrats bat gehiago ematen dute. 2017an, orduko Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek esan zuen “ETAko presoak hiltzear daudenean edo damutzen direnean” baino ez zituztela askatuko. Jarrera horri eusten dio oraindik Espainiako Estatuak.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak babesa agertu nahi die Sevilla II-n preso dauden militante politikoei eta haien oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezela eta haien borondate politikoaren aurkako xantaia bertan behera uztea exijitzen du.

Euskal Herria, 2020ko martxoaren 12a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.