Senideen autobusak sufritutako erasoaren aurrean


Javi Gallagaren lagunek ere gorabehera izan zuten Kordobarako bidean Ig, 2018/07/29 - 17:51 argitaratua

Preso politikoen senideen autobusak atzo Algecirasen pairatutako erasoaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere amorrua adierazi nahi du, eta aldi berean presoei eta haien senideei bere elkartasuna helarazi.

Beste behin ere, faxismo espainolista kate-begi ahulenarekin tematzen da eta bahituta daudenen senideak baldintzatu nahi ditu presoak dauden lurraldeetan oin bakar bat ere jar ez dezaten, distantziaren bidez lortu ez dutena eraso zuzenaren bidez lortu nahian.

Alabaina, atzokoa bezalako erasoak ez dira astakirten soil batzuen buru ustelduetan sortutako ideien ondorio, baizik eta faxismoaren botere faktikoetatik zeharka baina kontzienteki bultzatutako ekintza bat. Batzuek modu lasaiago batez (PNV, PSE, Deia, EGI...), beste batzuek gordintasun itzelaz (PP, C's, Libertad Digital, La Razón...), baina guztiek elikatzen dute modu iraunkorrean “presoak direla haien egoeraren arduradun bakarrak” dioen ideia, hauek kriminalizatuz eta haien damutzea eskatuz.

Espainiar Estatuan asko dira (eta Euskal Herrian bertan ez gutxi) euskal militante politikoentzat heriotz zigorra eskatzen dutenak, asko dira tortura eta torturatzaileak defendatzen dituztenak, asko dira estatu terrorismoa zilegi dela sinesten dutenak. Alderdi instituzionalek ez dute inoiz horrela onartuko, baina beraiek dira euren diskurtsoekin horrelako jokaerak bultzatzen dituztenak. Horretarako, nahikoa da errealitatea gezurren eta egia erdien bitartez desitxuratzea eta Estatuen etengabeko indarkeria estrukturala zuritzea eta legez mozorrotzea. Nahikoa da herrien zapalkuntza historikoa eta kapitalismoaren ankerkeriaren ondorioak estaltzea.

Puntu honetara iritsita, azpimarratu behar dugu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak solidarioak ere aurkitu dituela beti Espainiar eta Frantziar Estatuen menpe dauden gainontzeko herrietan, Andaluziatik Bretainiaraino, eta hori posiblea izan dela zapalduaren kontzientzia sortzeari esker. Horixe izango da aurrerantzean ere elkartasuna jasotzeko modua, mundu guztiari azaltzea errepresaliatu politikoak ez direla terroristak, askatasunaren alde eta zapalkuntzaren kontra borrokatu diren militanteak baizik. Gudariak direlako, amnistia!

Javi Gallagaren lagunek gorabehera izan zuten bidaian.

Bestalde, Javi Gallaga Algortako preso politikoa Kordobako kartzelara (Algortatik 789 kilometrotara) atzo bisitatzera zihoazen lagunek gorabehera izan zuten autoaren gurpil batek eztanda egin zuenean. Bidaiarekin jarraitu ahal izan zuten eta bisitara garaiz heldu ziren.

Hala ere, gure mugimenduak salatu nahi du dispertsioa bukatzeko PSOEren Gobernuak jartzen jarraitzen dituen baldintzak Langraitz Bideko berberak direla oraindik ere: “Damutu zaitez ala zure senideen odolez ordainduko duzu” da preso politikoei bidaltzen dieten xantaiaren mezua. Doala gure elkartasuna Javi Gallaga eta bere lagun eta senideei.

Euskal Herria, 2018ko uztailaren 29a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.