Saioa Sanchez Soto del Realetik Rennesera lekualdatu dute

Or, 2018/07/20 - 17:37 argitaratua

Saioa Sanchez Berangoko preso politikoa Soto del Realeko kartzelatik (382 km) Rennesekora (801 km) lekualdatu zuten atzo. Apirilaren 18an Frantziako Estatuak Saioa Espainiaren esku utzi zuen aldi baterako, Audientzia Nazionalean Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriarekin batera epaitua izan zedin. Orain, Estatu espainolak frantsesaren esku utzi du berriro Pariseko Auzitegian ezarri zioten 28 urteko espetxe zigorra betetzen jarrai dezan. Azken hiru hilabeteetan Brieva eta Soto del Realeko kartzeletan egon da.

Ekainaren 6an burutu zuten Iñigo eta Beari torturaren bidez lapurtutako deklarazioetan oinarrituta egon den epaiketa eta ekainaren 25ean kaleratu zuten epaia. Hirurei 15na urteko espetxe zigorra ezarri zieten nazioarte mailan onartuta dagoen torturari buruzko Istanbulgo txostenari muzin eginez eta torturaren eta bere arduradunen zigorgabetasunari ateak irekiz.

Saioa Sanchez 2007ko abendutik dago kartzelan eta Versailles, Fleury, Poitiers-Vivonne, Nantes, Roanne, Estremera, Rennes, Brieva eta Soto del Realeko kartzeletatik igaro da. Hauxe da Renneseko kartzelako helbidea:

Saioa Sanchez Iturregi

Centre Pénitentiaire Pour Femmes

18 bis Rue de Châtillon

35.031 Rennes-Cédex

Euskal Herria, 2018ko uztailaren 20.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.