Ruben Olloren atxiloketaren aurrean

Ar, 2018/03/13 - 00:13 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Ruben Ollo 'Olazti'-ren atxiloketa salatu eta gazte nafarraren jarrera desobedientea txalotu nahi du. Urtarrilaren 19an jarri zion hitzordua Espainiako Audientzia Nazionalak, sare sozialetan 'terrorismoaren biktimak umiliatzea' leporatuta. Olaztik salbuespen epaitegi horren aurrean aurkezteari uko egin zion orduan eta, horren ondorioz, gaur atxilotu egin dute.

Esan bezala, gure mugimenduak Olaztirena bezalako jarrera duinak txalotzen ditu. Audientzia Nazional espainolak milaka euskal herritarren aurkako tortura eta torturatzaileri babesa eman die atxilotuak kartzelara urte luzetarako bidaltzen zituen bitartean. Epaitegi horrek Euskal Herriko jarduera politikoa eta bizitza bera baldintzatu du hamarkada luzez, eta Estatu espainolak gure herriaren aurka mantentzen duen gerra kamuflatu bezain bortitza mantentzeko ezinbesteko tresna izan da, estatu terrorismoaren adierazpen ezberdinei beharrezkoa zuten babesa emanez.

Azaldutakoagatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ez dio inolako zilegitasunik onartzen salbuespen epaitegi horri eta desobedientziaren bitartez zein bakoitzak erabakitzen duen moduan bere gehiegikeriei aurre egiteko deia egiten du.

Euskal Herria, 2018ko martxoaren 12a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Olazti