Preso Politikoaren Nazioarteko Eguna


Agiria Or, 2020/04/17 - 02:57 argitaratua

Gaur, Preso Politikoaren Nazioarteko Egunean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Errepresaliatu politiko bakarra edota bere jarduera politikoagatik kartzelan bukatzeko arriskuan dagoen militante bakarra gelditzen den bitartean, edozein mugimendu iraultzailearen betebeharra da amnistia aldarrikatzea eta berau lortzeko baldintzak sortzeko borrokan jarraitzea.

Milaka dira munduko kartzeletan zehar dauden preso politikoak eta, noski, haien artean espainiar eta frantziar kartzeletan dauden euskal preso politikoak ere. Horretaz gain, ezin ditugu ahaztu kartzelan egon ez arren, kartzelaren ondorioz erbestean errefuxiatuta daudenak, sarritan egoera ekonomiko eta administratibo penagarrietan, hamarkadak deportatuta daramatzatenak ahazten ez ditugun bezala.

Esaten genuen bezala, amnistiarena ezinbesteko aldarrikapena da, bere esanahia, guretzat, termino juridikoak adierazten duena baino askoz gehiago baita. Amnistiaren aldarrikapenaren alderdi garrantzitsuena bere esanahi politikoa da. Amnistia, errepresaliatu politikoen askatasunaz gain, pertsona hauek borrokara bultzatu zituzten arrazoien konponketa da, hots, askatasun nazionala eta soziala Euskal Herriaren kasuan.

Preso politikoaren definizioa egitea tokatzen da gaurkoan, oso aspalditik dabiltzalako burgesiaren morroiak, Nazioarteko Amnistia deitutako erakunde inperialistaren laguntzaz, preso politikoaren kontzeptua edukiz hustu nahian. Amarru honen bitartez, nazioarteko burgesiak estatu kapitalisten inpunitatea bilatzen du inolako aurkakotasunik gabe herriak eta langileria zapaltzen jarrai ditzaten. Ezarritako ordenaren aurka matxinatzen den ororen borrokari izaera politikoa kentzearekin batera, errepresioaren justifikazioari ateak zabaltzen dizkiote horrela.

Hori dela eta, argitasunez esan nahi dugu presoari izaera politikoa ematen diona ez dela, inolaz ere, biolentzia iraultzaileari uko egin izana ezta legediaren barnean aritu izana. Preso politiko oro da delinkuentea kartzelatzen duen estatuaren legediaren arabera, diktadurek eta sasi-demokrazia ustelenek ere legeak badituztelako.

Presoari izaera militantea ematen diona askatasun zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen aldeko borroka kolektiboan parte hartzearen ondorioz kartzelan egotea da. Preso politikoek uko egin diote etekin pertsonalei kolektiboaren mesedetan, eta haien kartzela urteekin ari dira zapaltzaileen amorrua pairatzen. Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ez du onartzen borroka moldearen arabera preso politikoen artean egindako bereizketarik, eta are gutxiago pertsona hauei ezarritako zigorrak. Presoak kalera, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2020ko apirilaren 17a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua