Preso politiko oihen kontu korronte eta ondasunen bahiketaren aurrean

Og, 2018/05/17 - 17:17 argitaratua

Audientzia Nazional espainolak hainbat preso politikoren kontu korronte eta ondasunen gainean burututako bahituraren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Estatu espainola eta frantsesa gerra egitera etorri ziren Euskal Herrira eta gerra egiten jarraitzen dute. Argi daukate erresistentziaren hazi bakarra dagoen bitartean, ez dela guztiz bukatuta egongo euskal erresistentzia iraultzailea, eta hori dela eta tematuta dabiltza, ez soilik garaipen militarrean, baizik eta garaipen ideologiko osoan, hortxe umiliazioa ere sartzen delarik.

Preso politiko ohien ondasunei eraso egitea haien bizibide berari eraso egitea da. Presoak kartzelan urte luzez mantentzeaz gain, bizi osorako murgildu nahi dituzte pobrezian, lan egiteko edo etxebizitza bat edukitzeko oinarrizko eskubideak urratuz. Israelek Palestinarekin egiten duenaren antzera, eta intentsitatean dagoen alde handiaz ohartzen bagara ere, palestinar presoen etxebizitzak erausten dutenean Israelek bilatzen duen helburu berbera bilatzen du Espainiak, lehenago esan bezala, preso politiko ohiak pobreziara kondenatuz.

Kasu batzuetan Guardia Zibila izan da ondasun horiek bahitzera bertaratu dena, automobilen kasuan esaterako, eta berriz esan beharra dugu torturatzaile eta hiltzaile erakunde terrorista horrek ez duela inolako zilegitasunik euskal herritarren ondasunak lapurtzen segitzeko. Inoiz ez zuten Euskal Herrian egon behar, okupazio indarren parte diren heinean. Gaurkoan ere esan behar diegu, alde hemendik!

Bukatzeko, azpimarratu beharra dugu operazio hau ez dela edozein momentutan etorri, eta ez dela kasuala hainbat preso eta preso ohi salbuespen epaitegiek ezarritako erantzukizun zibila euren borondatez ordaintzen hasi direnean gertatzea. Preso politikoen kasuan ez dago irtenbide indibidualik, beste batzuetan esan dugun bezala batek egiten duenak beste guztiei eragiten dielako. Erantzukizun zibila ordaintzen ari direnek kontziente izan behar dute ordaindu nahi ez dutenei egiten dieten kalteaz, eta batez ere zapaltzen gaituzten estatuen errepresioari ematen dioten zilegitasunaz.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak desobedientziarako deia egiten du berriz ere. Errepresioaren kudeatzaileei txanpon bakar bat ere ez!

Euskal Herria, 2018ko maiatzaren 17a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.