Preso erien askatasunaren aldeko kontzentrazioa Basauriko kartzelaren aurrean, datorren larunbatean (Testua)


12:00etan hasiko da Al, 2019/01/21 - 01:43 argitaratua

Jaiki Hadi medikuen elkartearen datuen arabera, 21 dira gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal preso politikoak. Zerrenda honetan Oier Gomez ere gehitu beharko genuke, Euskal Herrian baina konfinamendu moduko batean, Gasteizera itzuli ezinik baitago, Frantziako Estatuak bere zigorra behin-behinean bertan behera utzi eta gero.

Historikoki, Espainiako eta Frantziako Estatuek preso politikoen osasuna erabili dute Euskal Herriaren askapen borroka baldintzatzeko, eta oraindik ere horretan jarraitzen dute, izan ere preso hauek askatzeko baldintzen proposamenak ez baitira medikuntza arrazoietan oinarritzen, arrazoi politikoetan baizik: “Damutu zaitez eta zure irteera erraztuko dugu. Damutu zaitez ala hil”.

Preso eriekin egiten duten xantaia estatu terrorismoaren beste forma bat gehiago da, militante politikoaren borondatearen haustura bilatzen duen tortura kronikoa. Preso politikoak psikologikoki eta fisikoki apurtzeko gure etsaiek erabiltzen dituzten metodoak anitzak dira, baina denetan krudelena da kate-begi ahulena diren preso eriekin erabiltzen dutena, militante eskuzabalenen damutzea lortuta independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokari eraso egin asmoz.

30 dira kartzelak eraildako euskal preso politikoak (sakatu zerrenda ikusteko), eta Espainiako eta Frantziako Estatuek euren espetxe politika kriminala aplikatzen jarraitzen dute. Ez dute lortu Euskal Herrian pizturik jarraitzen duen borroka grina itzaltzea, eta horregatik jarraitzen dute gerra egiteko prest. Esate baterako, eraildako azken hiru preso politikoak zortzi hilabeteko epean eraman zituen kartzelak: Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez Peñalba eta Xabi Rey.

Ezin dugu preso hauen askatasun itxaropen guztiak gure etsaiek aplikatzen diguten eta preso politikoak kartzelatuta mantentzeko erabiltzen duten legediaren esku utzi. Herri borroka izango da militante hauek etxera eta bizirik itzultzeko berme bakarra, eta amnistiaren lorpena gainontzeko preso, errefuxiatu eta deportatu politikoak libre izateko.

Bide horretan, datorren larunbatean, hilak 26 12:00etan, kontzentrazioa burutuko dugu Basauriko kartzelaren aurrean, Txus Martinen herria izateaz gain, bertan Aitzol Gogorza baitago preso, biak ala biak larriki gaixo.

Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 21a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Deialdiaren kartela