Poliziaren errepresioa greba egunean. Salaketa.

Og, 2020/01/30 - 22:10 argitaratua

Hego Euskal Herrian gaurko deituta zegoen greba egunean zehar, poliziak ohikoa duen jarduera errepresiboa eraman du aurrera. Atxiloketez gain, langileei oldartu zaizkie kolore ezberdinetako txakurrek, zaurituak eraginez eta grebalarien aurkako jazarpen etengabea gauzatuz. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazten die kaltetutako langile guztiei, eta poliziaren zein errepresio hau bultzatzen duten alderdi politiko eta gainontzeko estamentu guztien jarrera salatzen du.

Kapitalismoak burgesiaren esku uzten ditu klase sozial honek bere interesak defendatzeko beharrezkoak dituen elementu guztiak, baita biolentziaren monopolioa ere. Langileriaren aurkako zapalkuntza estrukturala da, sistemikoa. Ez da kasuala ezta enpresari gutxi batzuen “praxi txarraren” ondoriozkoa ere, oligarkiak metodikoki planifikatutako egoera bortitza baizik. Horren parte da langileria etengabe jipoitzen, etxegabetze, isuntzen eta hertsatzen duen polizia ere.

Gutxi batzuen eskuetan daude produkzio bitartekoak, era horretan gure eskubide oinarrizkoenak asetzeko gaitasuna bahitzen digutelarik. Era berean, horren ondorio da burgesiak gure lan indarra erosteko gaitasuna edukitzea gure bizi baldintzak prekarizatzen dituzten bitartean. Aipatutako produkzio bitartekoak indarraren bidez haienganatu zituztenek, indarraren bidez mantentzen dituzte orain.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ez du onartzen zapalkuntza egoera hau eta herriaren borrokarako zilegitasuna defendatzen du, Euskal Herriaren independentzia lortzeko, baina baita sozialismoaren eraikuntzarako ere. Euskal Herri independente eta sozialistaren bidean, borroka da bide bakarra.

Euskal Herria, 2020ko urtarrilaren 30a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.