Patxiren inguruko informazioa gose greba utzi eta gero

Or, 2020/06/12 - 18:00 argitaratua

Ohar honen bidez Patxiren egoeraren inguruko informazioa ematera gatoz, gose greba utzi eta bi egunera. Herenegun, gose greba utzi zuen egunean, esfortzu izugarria izan zen berarentzat erizaindegiko modulutik 10.era joatea. Eskailerak igotzea ere kostatu zitzaion pilatutako ahuleziagatik. Lehenengo egun horretan dieta likidoa jaso zuen, zukuen bidez, eta on egin zion.

Gaur etxera deitu du eta amari azaldu dio dieta ondo ematen ari zaizkiola eta gorputza egonkortzen hasi dela. Sagar egosia eta patata zein kalabaza pureak jan ahal izan ditu. Agentzietatik zabaldu dutenaren kontra, Patxik ez ditu 4 kilo galdu gose eta egarri greban zehar, baizik eta 16 kilo.

Zaharra da militante politikoen gose grebak faltsuak diren ideia zabaltzeko etsaiaren estrategia. Lehenago ere ezagutu ditugu horrelakoak, eta ezin zitalagoa izan bere eskubideak defendatzeko beste biderik aurkitzen ez duen pertsona baten borroka gogorrari buruz gezurrak botatzea baino. Zoritxarrez, faxisten partetik ez ezik, sozialdemokrazia autonomistak ere zalantzan jarri du Patxik egarri greba egin izana, Vocento, OK Diario, El Independiente eta antzeko sasi-egunkariekin lerrokatuz.

Giltzurrunean akatsa izatearen ondorioz ospitaleratua izan eta gero, Patxik edateari ekin zion pisu pixka bat berreskuratuz. Hau gertatzen da gorputza hidrataziorik gabe egonda, edatean ura xurgatzen hasten delako. Gero, berriro hasi zen pisua galtzen gose grebaren ondorioz, esan bezala, 16 kilo galdu arte.

Azken hilabete honetan zehar, sektore berberetatik (egunkari faxistak eta sozialdemokrazia autonomista) zalantzan jarri da Patxiren osasun mentala. Historian zehar ohikoa izan da militante iraultzaileak ero gisa aurkeztea haien izaera politikoa argudiorik eman behar izan gabe botatzen saiatzeko. Ze bulego politikotan egin duten Patxiren inguruko diagnostiko psikologikoa galdetu nahi genieke horrelako zaborra zabaltzen dutenei. Ze nolako errespetu falta lehenengo lerroko militante batekiko.

Patxik 18 urte daramatza kartzelan, bi aldiz izan da atxilotua, bi aldiz inkomunikatua, bi aldiz espetxeratua eta bi aldiz basatiki torturatua. 15 urte eman ditu isolamendu galeriatan. Eta gose greban zehar bere konfiantzazko psikologoarekin kontaktuan egon da. Norbaitek imajina dezake, adibide bat jartzearren, bortxatu duten emakume bat ero moduan tratatuko balute psikologo batekin hitz egiteagatik? Ba hori da inolako etikarik gabeko zenbait jendek Patxirekin egin duena.

Gose greba uzteko Patxiren arrazoiei dagokienez, berak idatzi nahi zituela esan zuen, eta atzo horri gehitu zion agian egun batzuk beharko dituela sentitzen duen ahulezia dela-eta. Badakigu gaur egun berehalakotasunak agintzen duela albisteen esparruan, baina egun batzuk itxoiteak ez ditu zertan aldatzen Patxiren borrokaren nondik norakoak ezta egin behar duen irakurketaren balioa. Ulerkortasuna eta pazientzia eskatzen dugu.

Azkenik, Patxiren borrokak agerian utzi du kartzelaren krudeltasuna baita bere zeregin bakarra pertsonak apurtzea dela ere. Horregatik borroka ez da hemen amaitzen. Hainbat mobilizazio mantentzen dira eta ahalik eta lasterren ekimen berriak emango ditugu ezagutzera. Gora Patxi, eta jo eta ke amnistia lortu arte!

Bihar mobilizazioak Bilbon Sabin Etxearen aurrean, Donostian Bulebarrean, Legution, edota igandean Ondarroan, besteak beste.

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 12a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.