Patxi Ruizen inguruko ostiraleko partea

Or, 2020/05/15 - 20:40 argitaratua

Bosgarren eguna du Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri greban. Oraindik ez du kartzelako medikuaren bisita jaso, eta konfiantzazko medikuekin komunikatzeko baimenik ere ez diote eman.

Patxiren osasun egoerari dagokionez, hiru egun daramatza txiza egin gabe, eta gaurko telefono deian familiari esan dio giltzurrunetan min handiagoa sentitzen hasi dela. Agerikoa da kartzelaren jarrera edozein aterabidea blokeatzea dela, eta salatu beharra dugu Patxiri mediku batek artatua izateko eskubidea ere ukatzen ari zaizkiola. Murcia II kartzelako zuzendari Jesus Hernandezen arduragabekeriaren tamaina psikopata batena da.

Bestetik, indar handia jarri dute Euskal Herriko alderdi politikoek, den denek inolako salbuespenik gabe, hainbaten egoitzei botatako pintura eta egindako margoketak salatzeko, edo Eako kutxazain baten aurkako suz egindakoa gaitzesteko. Politikari profesional guzti hauen hipokrisiak ez dauka neurririk, horrelako ekintzarik gabe bizitza jokoan duen preso politiko bati buruz txintik ere ez luketelako esango. Higuingarriak dira jarrera hauek.

Patxirekin elkartasuna adierazteko martxan dauden dinamikei dagokienez, honako hauek dira:

Kartzelan:

Maiatzaren 12tik: Ibai Aginaga txapeoan (Sevilla II); Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotanok kartzelak ematen duen janariaren erretiluari uko eginez (Puerto III).

Maiatzaren 14tik: Jon Kepa Preciado txapeoan (Kordoba), Mikel San Sebastianek kartzelak ematen duen janariaren erretiluari uko eginez (Murtzia II).

Kalean:

Maiatzaren 12tik: hiru pertsona ezkerraldean gose greban (laugarren batek greba utzi du gaur osasun arazoak direla-eta).

Maiatzaren 14tik: lau pertsona gose greban Ondarroako Udaletxeko areto nagusian.

Maiatzaren 15etik: zortzi pertsona gose greban Ondarroako beste lokal batean.

Euskal Herria, 2020ko maiatzaren 15a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.