Patxi Ruizek gose greba utzi du


Lehenengo balorazioa Az, 2020/06/10 - 18:44 argitaratua

Patxi Ruiz Txantreako preso politikoa maiatzaren 11tik aurrera eramaten ari zen gose greba utzi du gaur, 31. egunean. Patxik berak azaldu dio lagun bati goizean elikatzen hasi dela, eta berak azalduko duela gose grebari bukaera eman izanaren arrazoia. Lehenengo 12 egunetan, gose grebaz gain, egarri greba ere mantendu zuen bere gorputza ia kolapsora eraman arte. Maiatzaren 21ean ospitaleratu egin zuten eta hurrengo egunean edaten hasi zen. 10. modulura eraman behar zuten gaur Patxi, baina hau egin dutenik ezin dugu oraindik konfirmatu.

Patxi bizirik dago, eta hori da Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ospatu nahi duen lehenengo gauza. Kritikatu nahi duen lehenengoa, ordea, Murtzia II kartzelako Zuzendaritzaren jarrera hiltzailea da, lehenengo egunetik azkenengora arte. Deigarria da ze azkar jarri den kontaktuan Europa Press agentziarekin Patxik gose greba utzi duela esateko, presoaren denborak errespetatu gabe, gose eta egarri greba hasi eta 10 egun beranduago horren berririk ez zuela esaten zuen bitartean.

Azken 31 egun hauei dagokienez, gure mugimenduak oso modu positiboan baloratzen du Euskal Herriak emandako erantzun irmoa. Milaka pertsonak hartu dute parte egunero Euskal Herri osoan zehar egindako mobilizazioetan, itxialdietan, barau eta gose grebetan, kotxe-karabanetan eta beste protesta dinamika batzuetan.

Kartzeletatik heldutako elkartasuna ere Patxiri babesa helarazteko ezinbestekoa izan da. Preso batzuek hilabete oso bat daramate ziegan itxita, horrek dakartzan ondorioekin. Protesta gogorrak dira hauek, Patxiren egoerak estalita utzi dituenak. Gose grebak, itxialdiak, barauak, janari erretiluei ukoak eta kartzeletako zuzendariei gutun bidalketak egin dituzte. Guztira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren inguruko, EPPK-ko eta GRAPO zein PCEr-ko 20 presok parte hartu dute Patxiren aldeko dinamika hauetan.

Oraindik Patxiren mezuaren zain gauden arren, ordu honetan zalantzarik gabe esan dezakegu herri mobilizazioa ezinbestekoa izan dela Patxiren bizitza babesteko eta bere aldarrikapenei merezi zuten tokia eskaintzeko. Herri presioari esker Patxi ez da inoiz bakarrik sentitu, eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eskerrak eman nahi dizkie modu batean edo bestean mobilizatu diren pertsona guztiei.

Patxi Ruizen borrokak Euskal Herria astindu du, eta batez ere kartzelaren gordintasuna agerian uzteko baliogarria izan da. Espainiar eta frantziar kartzeletan tortura kronikoa aplikatzen zaie presoei eta, askotan, tortura zuzena ere bai. Harresien barnealdean opakotasuna da nagusi eta kartzelariak (medikuak ere bai, kasu honetan ikusi dugun moduan) zigorgabetasunez aritzen dira presoei tratu txarrak emateko orduan.

Isolamendu galeriak, lehenengo graduak, FIES fitxategiak, presoei xantaia egiteko errespetu-moduluak eta kartzelaren egitura osoa pertsonen izaera eta borondatea hausteko tortura bitartekoak dira, eta arduradun politikoak dituzte. Hain zuzen ere arduradun politiko hauek dira Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua egunero, Patxik gose eta egarri greba abiatu zuenetik, erasotzen eta jo-puntuan jartzen ibili direnak.

Hilabete luze honetan zehar agerian gelditu dira nor den nor, eragile politiko bakoitzaren lehentasunak eta politika instituzionalaren nahien eta herriaren benetako beharren arteko aldea. Agerian gelditu da ere, alderdi politiko burgesetatik esaten digutenaren kontra, herriak kaletik politika baldintzatzeko benetako gaitasuna duela, eta hau zintzoa, garbia eta elite baten eskuetan uzten dena baino askoz ere osasuntsuagoa dela.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi argi gelditu dela Euskal Herria asimilatutzat hartzen zutenak beste behin ere okertu egin dela. Patxiren borrokak azaleratu du kaleak berreskuratzea helburu duen esparru sozio-politiko berri baten existentzia, antolakunde ezberdinek osatzen dutena, bakoitza bere berezitasunekin baina denek elkarrenganako errespetua aintzat hartuta. Azken sei urteetako ibilbide xumeak nazioarte mailan ere landutako sare internazionalista eta solidario baten existentzia azaleratu du, askoren sorpresarako.

Bidea ez da amaitu. Gaurko eguna baino lehenago deitutako hainbat mobilizazio bere horretan mantentzen dira. Hurrengo ordu eta egunetan joango gara zehazten. Borrokak jarraitzen du, amnistiaren alde eta Euskal Herria zein bere langileria askatasunera eramango dituen antolakuntzaren alde. Independentzia eta sozialismoa! Gora Patxi!

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 10a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.