Patxi Ruiz mehatxatu dute kartzelariek


Presoen eskubideen aldeko protesten bultzatzailea izatea leporatzen diote Ig, 2020/05/10 - 20:57 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Murcia II-ko kartzelako Zuzendaritzak Patxi Ruiz euskal preso politikoaren aurka zuzenduriko mehatxuak salatu nahi ditu:

Salbuespen Egoerak kaleetan jendea zapaltzeko eta eskubide politiko eta sozialak bertan behera uzteko erreminta bihurtu baldin badute, zapalkuntza hori askoz ere nabarmenagoa da kartzeletan. Isolaturik, bisitarik gabe, Covid-19az babesteko bitartekorik gabe eta aktibitate guzti-guztiak anulaturik mantentzen dituzte presoak. Hori bai, egunero kontaktua mantentzen dute kaletik sartzen diren kartzelariekin, horrek dakarren kontagio arriskuarekin.

Gogora ekarri behar dugu kartzela infekzioetarako leku aproposa dela, eta hori dela-eta presoak populazio zaurgarritzat hartzen dituztela. Horretaz gain, preso askok gaixotasun larri eta kronikoak pairatzen du.

Bizi duten egoera salatzeko, maiatzaren 5etik aurrera 8. moduluko hainbat preso kontzentrazioak egiten hasi ziren patio orduan. Haien aldarrikapenak honakoak dira:

  • Preso erien eta kondena ia beteta daukatenen askatasuna.

  • Bisitak egin ahal izatea.

  • Kontagiatuak ez izateko bitartekoak jasotzea (musukoak, guanteak...).

  • Preso zein kartzelariei Covid-19 detektatzeko testak egitea.

  • Senideren baten heriotza gertatuz gero hilerrira edo tanatoriora joateko aukera izatea.

Orain arteko kontzentrazioetan ez da inolako arazorik egon, atzo arte. Kartzelari bat Patxiri kartela kentzen saiatu zen eta, beranduago, kartzelari hori bere ziegara joan zen modulu-buruarekin batera. Berez, Patxik eskatutako identifikazio zenbakia ematera zihoazen, baina tartea Patxi mehatxatzeko baliatu zuten. Ondorioak pairatuko zituela ohartarazi zioten. Beranduago zuzendaria, segurtasun zuzendariordea eta zerbitzuburuarekin biltzera eraman zuten eta bertan, mehatxuen artean, kontzentrazioen bultzatzailea izatea leporatu zioten.

Patxik babes judiziala eskatu du eraso berri honen aurrean. Gogora ekarri behar dugu ez dela Patxik mehatxuak salatzen dituen lehenengo aldia, eta abenduaren 31n besoak ebaki zituela kartzelari batek euskal preso politikoekiko zeukan jarrera erasokorra salatzeko (ikusi hemen).

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak babes osoa helarazi nahi dio Patxi Ruiz Txantreako preso politikoari, eta baita Murcia II kartzelako 8. moduluko presoak aurrera eramaten ari diren protesta eta aldarrikapenei ere. Kartzelako zuzendaria eta Espainiako Gobernua dira Patxiri oraintxe bertan gerta dakiokeen edozer gauza txarraren erantzule, eta gu ez gara besoak gurutzatuta geldituko.

Euskal Herria, 2020ko maiatzaren 10a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.