Patxi Ruiz euskal preso politikoari aita ikustea galerazi diote

La, 2018/06/30 - 15:40 argitaratua

Irakurketa:

ZAINTZAKO EPAITEGI ZENTRALA, ESTATUAREN ERREPRESIO-TRESNA

Nafarroako Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Txantrea auzoko hainbat lagun eta auzokideekin batera burutzen ari den agerpen publiko honetan Patxi Ruiz “Kapota” euskal preso politikoari bere aita ikusteko inposatzen dizkioten oztopoak salatu nahi ditu.

Jakin badakigu salaketa hutsak normalki zapalkuntza egoerak iraultzeko ez direla nahiko eta haratago joatea ezinbestekoa dela, dena den, beste behin ere isilik geratzea baino argi eta garbi mintzatu nahiago dugu.

Ehunka euskal preso eta errefuxiatu politikok zein hamarnaka luze euskal deportatuk jasaten duten egoera ez da kasualitate baten ondorioa, ezta patuaren zorigaiztoko kapritxoarena ere. Esaera zaharrak dioenez “soilik mugitzen denak sumatzen ditu lotzen duten kateak” eta euskal militante politikoek aspaldi sumatu zituzten Euskal Herria lotzen duten kateak eta horiek apurtzen saiatzeari ekin zioten. Eginbehar eder eta latz horretan, besteak beste, Patxi Ruiz “Kapota” aritu zen.

Gaur egun, Euskal Herriak herri okupatua eta zapaldua izaten jarraitzen duen heinean, zapalkuntza horren aurka eta gure herriaren emantzipazio nazional eta sozialaren alde borrokatu duten gudariek fronte ezberdinetan Estatuen errepresioa pairatzen jarraitzen dute. Honi lotuta, Estatu espainiar eta frantziarrak erresistentzia oro menperatzeko estrategian beraien tresna errepresiboak diseinatu, moldatu eta eraberritzen dituzte etengabe, momentuaren egoera sozio-politikoaren arabera eta interes ekonomikoen arabera.

Honi dagokionez, Estatu Espainiarrak betidanik bere espetxeetan erresistentzia kolektiboa suntsitzeko indar berezia egin du, eta horrela, orain dela hamabost urte Zaintzako Epaitegi Zentrala sortu zuen. Zaintzako Epaitegi Probintzialen irizpideak bateratzeko aitzakiapean, Entzutegi Espainiarraren (euskaldunok hori ezin baitugu izendatu “Nacional”) esku utzi zuen euskal preso politikoen eskubideen aplikazioa. Zapalkuntzaren gurpilean beste estualdi bat. Zaintzako Epaitegi Zentralak ez du baimentzen Patxi Ruiz bere aita ikustera ekar dezaten, hau da, Estatu Espaniarrak ez du baimentzen Patxi Ruiz bere aita ikustera ekar dezaten.

Eta Estatuak jarrera hori har dezake horrelako erabakiak dohainik izanen zaizkiola pentsatzen duelako. Beraz, egoera hau iraultzeko herri sektoreoi dagokigu inplikatzea, gogoz egitea eta konpromisoari eustea, ez bakarrik Patxi Ruizek berriro bere aitarekin egoteko aukera izan dezan, baizik eta baita ere Patxiren moduan lehendabiziko lubakian borrokatzeagatik orain espetxe, erbeste edota deportazioan dauden beste euskal militante politiko guztiak lehenbailehen duintasun osoz etxera etor daitezen, eusko gudariak direlako!

NAFARROAko AMNISTIAREN ALDEKO ETA ERREPRESIOAREN AURKAKO MUGIMENDUA

 

Patxi Ruizen egoera:

Patxi Ruiz “Kapota”, Txantreako militante politikoa, 2002ko otsailaren 21etik preso dago Espainiako espetxeetan. Bere aitak, Francisco Ruizek, endekapenezko gaixotasun bat du eta horren ondorioz, lau urte daramatza Patxi ikustera joan ezinik. Patxi ikustera egin zituen azken bidaiak, oxigeno makina gainean zeramala egin zituen eta espetxe barrura, mintzalekuetaraino, gurpildun aulkian sartu zuten oinez iristea ezinezkoa egiten bait zitzaion.

Patxi aita ikustera 2016ko apirilaren 30ean ekarri zuten lehen aldiz. Huelvako espetxetik atera eta Logroñoko espetxera eraman zuten. Lekualdatzea Guardia Zibilaren eskutan egin zuen eta etxera, aita ikustera, Polizia Nazionalak eraman zuen. Lehen aldi horretan, ordu ta erdiz izan zen etxean gurasoekin eta poliziaz inguratuta; bertan beste inor egotea debekatu zutelarik. Aitarekin egon ondoren, Logroñoko espetxera eraman zuten eta kartzela horretan aste bete igaro ondoren berriro ere Huelvako espetxera itzuli zuten.

2017ko martxoaren hasieran, Patxi bigarren aldiz ekarri zuten aita ikustera. Kasu honetan Iruñako espetxera lekualdatu zuten. Aitarekin bisita erietxean egin behar izan zuen, aita garai horretan ospitaleratua bait zegoen. Bisitak ordu bete eskas iraun zuen eta baldintzak lehenengo bisitakoak baino makurragoak izan ziren.

Patxiren aitaren osasun egoera egunetik egunera okerragoa da. Hori dela eta, 2018 urtearen hasieran Patxik aita berriro ikusteko eskaera egin dio Espetxe Zaintzako epaileari. Honek aldiz, aurrekoetan onartu arren eta aitaren egoera okerragoa dela jakin arren, egindako eskaera ukatu izan dio Patxiri.

Hori dela eta, hemendik bertatik egoera hau salatu, Patxiri gure elkartasuna helarazi eta bere aita ikusteko duen eskubidea aldarrikatu nahi dugu.

 

Prentsaurrekoa