Otsailak 13, torturaren aurkako eguna Euskal Herrian


Egun horretan 37 urte beteko dira Joxe Arregi Espainiako Poliziak aplikatutako torturen ondorioz hil zenetik Or, 2018/02/09 - 22:37 argitaratua

Tortura

Hamarkadetan zehar tortura izan da, kartzela eta eta erailketarekin batera, Espainiako Estatuak Euskal Herriko militantzia konprometituenari aurre egiteko erabili duen bitarteko nagusia. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak erabili dute tortura modu etengabean, baina baita zipaio gisa ezagunagoa den Ertzaintza horrek ere. 


Hiru izan dira PSOEk, PPk eta PNVk (Eusko Alkartasunaren babesarekin) torturaren bitartez lortu nahi izan dituzten helburuak: lehenengoa atxilotua zigortzea, bigarrena atxilotuari informazioa eta autoinkulpazioak zein beste batzuen aurkako deklarazioak lapurtzea, eta hirugarrena euskal herritarren artean beldurra hedatzea.


Komisarietako tortura, beraz, ez da haien onetik kanpo zeuden zenbait funtzionariok aurrera eramandako praktika kasuala izan, baizik eta disidenteak zigortzeko Espainiako Estatuak sortutako makinaria oso baten emaitza. Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzeko ezinbestekoak diren enpresari handien komunikabideak ere.


Horrela frogatzen du Gobernu Baskongadoak Paco Etxeberriaren taldeari enkargatutako torturari buruzko txostenak (Istanbulgo Protokoloan oinarritua), eta horrela frogatzen du Nafarroa Garaiko Gobernuari Espainiakoak ikerketa hau enkargatzeko jarritako betoak.


Askatasunaren aldeko militantziaren aurka tortura modu sistematikoan erabili dutela frogatuta gelditzen da beraz. Frogatuta gelditzen da, era berean, basakeri honen arduradun politikoek ez daukatela haien erantzukizunak argitzeko inolako intentziorik. PNVk eta Eusko Alkartasunak Ertzaintzaren torturen gain dutena minimizatu nahi dute; PSOEk eta PPk alfonbrapean hautsa ezkutatzen jarraitu nahi dute.


Disidentzia politikoaren aurkako tortura etenda dago komisarietan, momentuz, bai behintzat disidentzia horrek apalduta jarraitzen duen bitartean. Estatuek, ordea, torturatzen jarraitzeko mekanismo guztiak bere horretan mantentzen dituzte, atxilotuak inkomunikatzen jarraitzeko legeak  bertan behera uzteko ukazioari eutsiz.


Ezin ahaztu kartzela barruan preso politikoei aplikatzen dieten tortura kronikoa, esate baterako preso erien aurka darabilten xantaia. Damutu ezean, kartzelan hiltzen utziko dituzte. Isolamendua, presoen senideen bizitzak arriskutan jartzen dituen dispertsio politika, kartzelarien gehiegikeriak eta abar luze bat ere aipatutako tortura kroniko horren parte dira.


Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak torturaren arduradunei maskara kentzeko lanean jarraitzeko eta praktika nazkagarri hau behin betikoz desagerrarazteko borrokan jarraitzeko deia egin nahi dio Euskal Herriari, borroka hori eta amnstiaren aldekoa zein gure herriaren eta langileriaren askatasunaren aldekoa bat bera izanik.


Euskal Herrian, 2018ko otsailean.


Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.