Orain dela bi urte amnistia lortzeko estrategia argitaratu genuen. Hona hemen berriro ere

Az, 2019/03/27 - 14:43 argitaratua

AMNISTIAREN LORPENERAKO ESTRATEGIA

 

SARRERA.

 

Gure mugimenduarentzat amnistiaren gauzapenak 6 puntu hauek bildu beharko lituzke:

  1. Preso politiko guztien askapena eta errefuxiatu zein deportatuek Euskal Herrira inolako ondoriorik pairatu gabe itzultzeko duten eskubidearen onarpena.

  2. Errepresaliatuak gatazka politiko baten ondorio diren heinean, gatazka horren iturburuan dauden arrazoien konponketa errepresaliatu gehiago sortuko ez diren berme gisa, Euskal Herriaren kasuan, zapalketa nazional eta sozialaren gainditzea direlarik.

  3. Aurreko puntua gauzatu ahal izateko, autodeterminazio eskubidearen onarpena eta langileen bizi baldintzen hobekuntza aldarrikatzen ditugu minimo demokratiko bezala.

  4. Errepresio kasu guztien inguruko ilun guztiak argitzea: torturaren erabilera sistematikoaren onarpena, desagerrarazi dituzten militanteen inguruko informazioa gorpuzkiak berreskuratu ahal izateko, estatu terrorismoak eragindako heriotza guztien aitortza, herria egiaren jabe egitea…

  5. Iritzia jazartzeko legedia bertan behera uztea (Alderdien Legea, Mozal Legea...)

  6. Okupazio indarren kanporatzea eta talde errepresiboen disolbatzea.

 

Sei puntu hauen gauzapena lortzeko, ezinbestekoa da amnistiaren proiektuaren inguruan ahalik eta jende gehiena biltzea modu aktibo batean, arrazoi politikoengatik kartzela barruan edota kartzelara joateko arriskuan pertsona bakarra gelditzen den bitartean normaltasunik ez dela egongo erakusteko bezain besteko kopuruan. Oraindik hori lortzetik oso urrun gaudela onartuta, 2012an Askatasuna erakundea desagertu zenetik orain arte igarotako faseak eta hemendik aurrera indar bilketa horretara iristeko igaro beharrekoak definituko ditugu ondorengo lerroetan.

MUGIMENDUAREN SORRERAREN AURREKARIAK

 

Zergatik sortu genuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

1977ko Amnistia Legearekin Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde borrokatu zirenen askatasuna lortu baldin bazen ere, amnistia hori ez zen gauzatu bere osotasunean, izan ere errepresaliatuen existentzia eragin zuen egoerak bere horretan jarraitu baitzuen.

Franco diktadorea hil arte botere ekonomiko eta juridikoa pilatzen zutenek botere hori pilatzen jarraitu zuten Francoren heriotzaren ondoren eta, botere politikoa zeukatenei, oligarkia horren zerbitzupean jarri ziren sasi iraultzaileak batu zitzaizkien, modu horretan aurreko errejimenari beste itxura batekin segida emanez. 1977ko Amnistia Legea frankismoarentzako puntu eta bukaerako lege estalia izan zen benetan.

Euskal Herriko langileriaren bizi baldintzen egoerak eta gure herriaren eskubide nazionalen ukazioak, ordea, borrokarako esparruak mantentzen zituzten irekita, eta borroka horren ondorioz berehala hasi ziren kartzelak berriz betetzen, urte baten buruan 200 euskal preso politiko eraginez.

Ordutik eta hamarkada luzetan zehar amnistiaren aldarria etengabea izan da, espainiar legedi faxistak Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakundeak legez kanpo utzi bazituen ere. 2012. urtean, ordea, eta hilabete batzuk lehenago ETA erakundeak borroka armatuaren amaiera iragarri eta gero, Askatasunak bere burua desegitea erabaki zuen, esan zuenaren arabera, erresistentzia eta erantzun fase batetik konponketa eta batuketa fase batera pasatzeko. Egoera horretan, amnistiaren aldarria umezurtz gelditu zen eta kale zein eztabaidetatik desagertu egin zen. Egin Dezagun Bidea dinamikak eta jarraian Herrira plataformak (Audientzia Nazional espainolak legez kanpo utzitakoa) hartu zioten lekukoa Askatasunari, errepresaliatuen aldeko borrokari beste izaera bat eman nahian. Legez kanporatzea eta gero, Herrira ere desagertu egin zen.

AMNISTIAREN BIDEAN EMAN BEHARREKO URRATSAK

(Estrategia)

 

  1. Amnistiaren helburua presente egotearen beharra (Lehenengo fasea).

 

Herriaren ahoan ez dagoena ez da existitzen. Ezin da eztabaida politikoan ez dagoen helburu politikorik lortu. Ezin da inoren pentsaera aldarazi zure benetako helburuak defendatu eta azaldu gabe. Ezin da politikoki irabazi borroka ideologokorik egin gabe.

2012-2014 urteen bitartean amnistiaren aldarrikapena desagertuta egon zen Euskal Herrian, zenbait ekintza espontaneo salbu. Ekintza espontaneo horiek Espainiako eta Frantziako zenbait kartzeletako sarrerako harresietan ‘amnistia’ hitzaz egindako pintadak izan ziren, baita garraio publikoetan (busak, tranbia…) edota paretetan egindako muralak ere.

Ekintza hauek autonomoak eta, ondorioz, inongo eragile politikoren babesik gabekoak izan baziren ere, konpondu gabeko arazo baten existentziaren isla izan ziren, herriak errepresaliatuak ahaztu nahi ez dituenaren adierazle. Ekintza hauek amnistiaren aldeko borrokaren garra pizturik mantendu zuten, hainbat militanteren hausnarketa prozesuari bide emanez.

  1. Amnistia defendatuko duen eragile politiko indartsu baten beharra (Bigarren fasea).

Amnistia lortzeko ezinbesteko urratsa da errepresaliatu politikoek militantziaren bitartez defendatutako helburuekin ados dagoen jendea barnebilduko duen eragile politiko baten sorrera. Errepresaliatuen borrokarekin identifikatuta sentitzen diren sektoreek amnistiaren defentsa egiten ez badute, beste inork ez du amnistiaren beharra sentituko.

Garrantzitsua da errepresaliatu politikoen borrokaren parte sentitzen den jendeak dinamizatutako errepresioaren kontrako eragile baten existentzia, errepresaliatuak politikoki babestuta sentitzeko baina, baita ere, haien izaera despolitizatuko ez dela bermatzeko. Eragile ideologizatu batek baino ezin du

ziurtatu, etortzen dena etortzen dela ere, amnistiaren aldarriak kalean jarraituko duela presente helburu hau eskuratu arte.

2014ko udaberrian gure mugimendua jaio zen, kartzeletara bidalitako gutun banaren bitartez erabaki honen arrazoiak azalduz eta “amnistia ta askatasuna” leloa erakusten zuten kartelen bidezko propagandaren bitartez aldarri hau bultzatuz, bi urtetan zehar leku gehienetatik ezabatuta egon eta gero, berriz ere kalera ateratzeko. Hamarkada oso batean zehar beste inork egin ez zuena, hau da, amnistiaren aldeko manifestazioak deitzen hastea, egin zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Era berean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere burua Euskal herriaren independentziaren eta sozialismoaren aldeko gisa definitu zuen. Beraz, gure mugimenduaren lan espezifikoaren baitan helburu estrategikoa izanik, amnistia bada ere helburu taktiko bat, beste batzuekin batuta (autodeterminazioa, langileriaren bizi baldintzen hobekuntza, okupazio indarren alde egitea, berreuskalduntzea…), independentzia eta sozialismoa eskuratzeko bidean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua eragile txikia eta ahula da oraindik markatutako helburuetarako eta askoz gehiago indartzeko beharra daukagu. Horretarako ezinbestekoa da antolakuntza mailan aurrerapausoak ematea, aurretik ditugun erronkei erantzun efektiboa eman nahi badiegu. Pixkanaka baina etenik gabe egitura handitu eta sare berriak sortzen joan behar dugu: elkartasunekoak, asistentzia juridiko eta giza asistentziakoak, komunikaziokoak… Hutsetik hasten den edozein erakundek, mugimenduk edo eragilek bide hau jorratu beharra dauka, eta gureari fase honetan dagokio hori egitea. Hirugarren fasera pasatzetik urrun gaude oraindik.

  1. Amnistiaren aldeko batzarren sorrera (Hirugarren fasea).

 

Gure mugimenduaren helburua ez da amnistiaren aldarrikapen hutsean gelditzea, baizik eta bere gauzapen erreala lortzea. Horretarako, errepresaliatuek erabilitako bitartekoekin eta, sikiera haien helburuekin, ados ez dagoen jendea ere erakarri behar dugu aldarrikapen honetarantz.

Lehenago esan bezala, ezin da politikoki irabazi borroka ideologikorik egin gabe. Zentzu horretan, garrantzitsua da azaltzea amnistiaren gaia ez dela soilik errepresaliatuei eta haien senideei eragiten dien zerbait, eta azaldu behar dugu gai honetan guztiok daukagula ardura.

Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin mantentzen duen gatazkak aurpegi anitz ditu, eta herri honetako sektore guztiak aurkitu ditzakegu haietako bateren batean. Euskal Herrian errepresaliatuek aurrera eramandako borroka eta militantzia berbera praktikatu, txalotu edota ideologikoki babestu duenik dagoen modu berean, badago ere borroka hori eman zedin baldintza objektiboak sortzeko orduan ardura zuzena duenik. Euskal Herriaren eta bere langileriaren eskubideak ukatu dituztenek badute ardura, errepresioa zuzenean ala zeharka praktikatu dutenek ere bai, eta zer esanik ez tortura, gerra zikina, “GAL juridikoa” eta herriaren jipoitzea erabaki eta babestu dutenek.

Euskal Herrian badago, gurekin erabat ados egon gabe ere, aurreko paragrafoan azaldutako guztia ulertu eta ados egon daitekeen jende andana, errepresaliatuen aferari eman beharreko aterabidea nahi eta nahiez politikoa izan behar dela uste duena. Euskal Herrian badago oinarri ideologiko eta sozial nahikoa bigarren fasea betez gero, hirugarren hau betetzen hasteko.

Fase honetan pentsaera ezberdineko jendea (herri mugimenduko parte sentitzen denari buruz ari gara) amnistiaren aldeko lanean biltzea egokituko litzaiguke, eta herri eta auzo guztietan Amnistiaren Aldeko Batzarrak sortzeko lanari ekitea. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua borroka honen motorra izan beharko litzatekeela diogun modu berean, Amnistiaren Aldeko Batzarrak helburu honen atariraino garraiatu beharko gintuzketen bitartekoa dira, protagonismo handiena berauek hartuko luketelarik.

Amnistiaren Aldeko Batzarren zeregina izango litzateke Euskal Herriko txoko guztietara amnistiaren aldarrikapena eramatea, horretarako mobilizazioak, desobedientzia ekintzak, grebak eta beste hainbat ekimen aurrera eramanez. Haien zeregina herri eta auzoetan amnistiaren gaia era iraunkor batean azaleratzea litzateke.

Etsaiek errepresaliatuak bahitu gisa erabiltzen dituzte herri oso baten aldarrikapen demokratikoak baldintzatzeko eta, gainera, egoera hau normaltasunez ikusia izan dadila bilatzen eta bultzatzen ari dira. Amnistiaren Aldeko Batzarren eginkizun nagusia preso politiko bakarra edota preso izateko arriskutan bizi den errepresaliatu bakarra gelditzen den bitartean, herri honetan ezin dela normaltasunik egon erakustea da. Afera hau konpontzen ez den bitartean, herri eta auzo bakoitzaren bizitza baldintzatzea egokitzen zaie batzar hauei.

 

 

HELBURU TAKTIKOAK

 

Aipatu dugun bezala, amnistiaren eguna urrun dago oraindik eta, bitartean, errepresaliatuen beharrizanei erantzun behar zaie, oso bereziki kalteberatasun egoera handienean daudenenei: preso eriak, adinduak edo sortu daitekeen edozein egoera berria.

Errepresaliatu eriak.

 

Preso eriei dagokienez, gure mugimenduak erabateko lehentasuna ematen dio hauen berehalako askatasuna lortzeari, izan ere, hil ala biziko gai honetan, denbora preso politikoen kontra baitoa. Gainera, urteak pasa ahala eta zigorren gogortzearekin, presoen adinaren batez bestekoa nabarmen igo da, gaixotasunen kopurua ere igoaraziz.

Deportazioan eta erbestean daudenen egoera ere ezin dugu ahaztu. Egoera legeztatua daukatenak, askotan, bitarteko gutxi dituzten munduko zonaldeetan bizi dira eta haien osasun beharrak ez daude bermatuta. Zailagoa oraindik ere haien egoera erregularizatu gabe dituztenen egoera, zeinean ospitale batean artatua izatea ere ia ezinezko bilakatu daitekeen. Errepresaliatu hauen egoera, haien klandestinitate egoera dela eta, ikusezin bihurtzen da eta elkartasuna bera ere mugatzen du. Kasu hauen aurrean arreta berezia jarri beharko dugu militante hauen alde gure esku dagoen guztia egiteko.

Puntu honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea haien askatasuna aldarrikatzen dugun bakoitzean estatuek kartzelan mantentzeko duten arrazoia erabat politikoa dela salatuko dugula, eta mendeku dosiak baldin

baditu bere, preso eriak mantentzeko oinarrian irauten duen arrazoia haien damutzea bilatzea dela.

Bizi osorako zigorrak dituzten preso politikoak.

 

Gaur egun, 100 preso politiko baino gehiago dira ezkutuko bizi osorako zigorra betetzen ari direnak, haietako batzuei 34 urteko espetxealdia geratuko litzaiekeenak aldaketarik ez bada bultzatzen, honek esan nahi duen guztiarekin. Gaur egungo haurrek 30 urte baino gehiago izango dituzte azken euskal preso politikoa kartzelatik ateratzen denean, eta agian gehiago erbestean daudenak atxilotzen jarraitzen baldin badituzte, berriki Mexikon eta Brasilen gertatu den bezala.

Amnistia lortzeko bidea egitea zaila izango da eta denetariko ikusi beharko dugula kontziente gara. Eta ez dugu ahazten Espainiako Estatuak 1977an herri mobilizazio eta presioaren ondorioz euskal errepresaliatu politikoak kaleratu behar izan zituela, frankismoak berak bere buruari amnistia ematen zion bitartean. Garai horretan indultuak amnistia izango balira bezala saldu zizkiguten. Gaur amnistia aldarrikatzen jarraitzen dugu. Eta horrelaxe izango da dagozkigun eskubide nazional eta sozialen jabe izan arte, horixe izango baita errepresaliatu politiko gehiagorik berriro ez egotea bermatuko duena.

Espetxe sakabanaketaren bukaera.

 

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak beharrezkoa ikusten du ere espetxean dauden bitartean, euskal preso politikoak etxetik ahalik eta hurbilen egotea eta batzuek bizi dituzten bakartze egoerei bukaera ematea. Sakabanaketak presoak haien ingurune familiar eta politikotik ateratzea bilatzen zuen lehenengo hauek militante eta pertsona moduan apurtzeko asmoz, modu honetan haien damutzea errazteko asmoz.

Sakabanaketa politikak ez du bere helburua lortu, baina sufrimendu ikaragarria utzi digu eta oraindik ere uzten digu,ondoriorik larriena presoen 16 senide eta lagunen heriotza, eta kartzelan (edota bertatik irten eta berehala) hildako 28 preso politikoen heriotzetan izandako influentzia. Hori dela eta, dispertsioaren, urruntzearen eta bakartzeen bukaeraren alde borroka egiten jarraituko dugu.

Hala ere, borroka armaturik ez dagoen testuinguru politiko berrian, gerta liteke estatuek errepresaliatu batzuen hurbilketa prozesua hastea denbora tarte ertainean, eta hortxe ere oso adi egotea egokituko zaigu, izan ere urrats hori gainontzeko irtenbide guztiak blokeatzeko baliatu baitezakete, maximoa “oparitu” digutela azalduz. Orduan ere amnistia osoaren aldarria ozen oihukatzen jarraituko dugu.

 

 

Euskal Herria, 2017ko maiatza.

 

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.