Mobilizazio Eguneko hiriburuetako manifestazioetan irakurritako agiria

La, 2020/05/30 - 21:46 argitaratua

20 egun beranduago Patxik gose greba mugagabean jarraitzen du, eta egun horietako 12 egarri greban. Heriotzatik oso hurbil egon da Patxi, eta egoera hau aldatu ezean heriotza zain jarraitzen du izaten.

Patxiren borrokak ez dio egoera puntual bati erantzuten, bere egoera sistema oso baten isla delako. Zer dira ba kartzelak, estatu terrorismoaren gauzapena ez badira. 18 urte daramatza espetxean Patxik, eta tarte horretan torturak, labankadak, mehatxuak, irainak, isolamendua, sakabanaketa eta abar luze bat pairatu izan du. Ezin izan dute makurtu lehenago. Orain fisikoki ahul dago, baina politikoki beti bezain indartsu, beti bezain duin.

Patxiren egoerak arduradun politikoak ditu: alderdi instituzional guztietatik hasita, eta kartzelariengan bukatuta. Espetxe-zaintzako epaileetatik kartzeletako medikuetara. Presoen aurkako indarkeria zuritzen duten sistemaren komunikabideetatik herri erantzuna kriminalizatzen duten soldatapeko sasi-bakezaleetara.

Patxiren aldarrikapenak zilegi eta zehatzak dira: presoen aurkako erasoen bukaera eta erantzuleek haien ardurak onartzea, euskal preso politikoak Euskal Herrira eta Euskal Herrikoak ez diren preso politikoak haien etxeetara hurbiltzea

Baina 20 egun hauetan zerbait positiboa utzi badigu Patxik, hori da berea bezalako duintasun jarrera inspirazio iturri bilakatu dela herri mugimenduarentzat. Patxik geldirik zegoen herria jarri du martxan, salbuespen egoera estali baten ondorioz gure eskubide politiko guztiak desagerrarazita zeuden unean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak argi dauka Patxiren garaipen politikoa erabatekoa dela jadanik. Badakigu kartzelak herria zigortu nahi zuela Patxi Ruiz den militante eredugarriaren bitartez, eta lortu duten bakarra hilda nahi zuten herri hori piztea izan da. Patxik hartzen duen erabakia hartzen duela ere, ez zaio inoiz gure babesa faltako. Txarrenetan egotea tokatzen zaigu orain. Espero dugu laster onenetan ere egon ahal izatea. Jo ta ke amnistia lortu arte! Beti Zurekin! Gora Patxi!