Marta Igarrizen senideen istripuaren aurrean

Or, 2017/12/29 - 22:53 argitaratua

Marta Igarriz euskal preso politikoaren senideek asteazkenean sufritutako istripuaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin gure elkartasuna helarazi nahi diegu senideei zein Martari ere bai.  Istripua gertatu zenean autoan ahizpa, ama eta izeba zihoazen, eta azkeneko biek zauri larriak pairatu dituzte.

         Gogora ekarri nahi dugu 16 direla espetxe sakabanaketaren ondorioz hildako euskal preso politikoen senideak eta, aurten izandako zortzi istripuek erakusten duten bezala, politika hiltzaile hau mantentzen den bitartean senide gehiago hiltzeko arriskuak iraungo du.

         Istripu hauek, alabaina, ez dira kasualitatearen ondorio, Espainiako eta Frantziako Estatuek preso politikoei egiten dieten xantaia krudelarena baizik. Estatuek preso politikoen senideak erabiltzen dituzte kartzelan dauden militante politikoen damutze deklarazioak lortzeko xedeaz. Preso eriei “damutu ala hil zaitez” esaten dieten modu berean, gainontzeko preso politiko guztiei “damutu zaitez ala zure senideek larrutik ordainduko dute” esaten diete.

         Sakabanaketa politikak baditu arduradun zuzenak. PNVk eta PSOEk diseinatu eta gaur egunera arte PPk ere mantentzen du espainiar Estatuan. UMPk eta PSFk jarri zuten praktikan Frantziako Estatuan eta Emmanuel Macronek jarraitzen du aplikatzen. Bakezale faltsu hauek guztiek biolentzia erabiltzen dute herrien askatasun grinak zapuzten saiatzeko eta haien pribilegioak mantentzea bermatzen dien ordena konstituzionala mantentzeko.

         Estatu biolentziaren aurrean, Euskal Herriari borrokan jarraitzea ez den beste biderik ez zaio gelditzen, eta zehazki preso, deportatu eta iheslari politikoen kasuan, amnistiaren aldeko borrokan. Amnistiak, errepresaliatuen askatasunaz gain, hauen existentziaren oinarrian dauden arrazoien desagerpena barnebiltzen duelarik, honen eskutik etorriko da benetako bakea.

Euskal Herria, 2017ko abenduaren 29a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.