Maravillas gaztetxearen desalojo eta berrokupazioaren aurrean

La, 2018/08/18 - 08:53 argitaratua

Maravillas gaztetxearen desalojo eta berrokupazioaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi diegu proiektu honen parte diren pertsonei zein Euskal Herriko edozein txokotan sistemaren kontrolpetik at dauden espazioak askatzeko lanean diharduten guztiei. Gune autogestionatuak justizian oinarritutako baloreetan hezteko eskolak izan dira hamarkadetan zehar eta izaten jarraitzen dute gaur egun ere.

Gaztetxeek, higiezinen espekulazioari eraso egitearekin batera, biltokia eta teilatua eskaini dizkiete gazteriari eta herri osoari proiektu askatzaile eta iraultzaileak aurrera ateratzeko, Euskal Herrian sufritzen ditugun zapalkuntza ezberdinei aurre egiteko ekimen mordoa gauzatu ahal izatea bermatuz.

Horregatik hustu zuten atzo Maravillas gaztetxea, eta gure mugimenduak irmoki salatu nahi du helburu hau bera, zein Nafarroako Gobernuak zipaio foralak bidali izana gune askea defendatzen zuen jendea jipoitzeko. Atzoko jarrera errepresiboak argiki frogatzen du instituzioetan txertatzeak ekartzen duen aldaketa bakarra sistema berbera kudeatzeko moduan dagoena dela eta momentua helduta, sikiera aldaketa hori ere ez.

Instituzioetan egoteak izan dezakeen zentzu bakarra, hauek barrutik haustea da, kalean ematen den borrokarako osagarri gisa. Benetako aldaketa bakarra herri mobilizatu eta antolatuak errotik burutzen duena izango da nahita nahiez.

Bukatzeko, Iruñeko eta Euskal Herriko gazteria zoriondu nahi dugu atzoko garaipenagatik. Erakutsitako jarrera eredugarria eta herri mugimendua berpizten laguntzeko ekarpen erraldoia izan zen. Erresistentzia eta desobedientziaren bidez berreskuratu duzue zipaio armatuen bidez lapurtu zizuetena. Gora okupazio mugimendua eta gora euskal gazteria!

Euskal Herria, 2018ko abuztuaren 18a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.