Maiatzaren lehena

La, 2021/05/01 - 08:00 argitaratua

Badira, behin eta berriz, gure lerro politiko sozialista iraultzailearen helburuak (Amnistia Osoa, beraz, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza) ahantz ditzagun saiatzen direnak. Horien artean, kapitala betidanik defendatzen dutenak ditugu; burgesia klasea orokorrean eta burgesia handia modu berezian.

Badira ere, modu ezberdinetan eta ustezko jarrera ezkertiar batetik ere, burgesia txikia eta sozialdemokrazia barne, beste kapitalismo mota bat lortzea posible dela sinestarazi nahi digutenak. Kapitalismo bigun, atsegin, eta gizatiarra. Hots, denontzako mundu berde berri eta magiko bat. Euskal Herrian hori defendatzen dutenek lehen “terrorismorik gabe” dena posible izango zela esaten ziguten. Zaharrak berri.

Aldiz, euskaldunok, bizi ahal izateko gure lan indarra egunero kapitalari saldu behar diogunok, herri zapalduok orohar eta nazioarteko proletalgoak benetako boterea, botere politikoa eskuratu beharra dugu. Ez dago kapitalismo atseginik ezta langileriaren interesak defendatzen dituen kapitalismorik. Burgesiaren diktadurak ez du nazio eta proletalgoaren ongizatea bilatzen, ekoizpen kapitalista betikotzea baizik.

Horregatik eta inolako zalantzarik gabe, gaur ere Euskal Herriko langileria eta Munduko proletalgo eta zapalduon aldean kokatzen du bere burua Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Amnistia Osoa

Euskal Herria Independente eta Sozialistaren alde

 

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

2021. Maiatzaren lehena