Karlos Apeztegiaren atxiloketaren aurrean

Az, 2018/10/17 - 01:16 argitaratua

Guardia Zibilak Karlos Apeztegia preso politiko ohiaren aurka burututako atxiloketaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna helarazi nahi dio atxilotuari eta honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin azpimarratu nahi dugu bere militantzia politikoaren ondorioz Karlosek 22 urte emanak dituela kartzelan, hainbat urtez luzatutako espetxealdia Europako Auzitegiak Parot Doktrina zeritzana bertan behera utzi zuen arte. 22 urtez luzatu zioten espetxealdia, hain zuzen ere lehenago aipatzen genuen eta guk zilegitzat dugun militantzia politiko hori zigortzeko.

Azpimarratzekoa da atzoko atxiloketan leporatzen dioten gauza berbera, kartzelariei buruzko informazioa ETAri pasatzea alegia, orain dela urte nahikotxo leporatu ziotela kartzela barruan zegoenean, eta hainbeste denbora eta gero berriro ere atxilotu egin dutela.

Ezin dugu aipatu gabe utzi frantziar Estatuaren jarrera, izan ere atxiloketa hau Laurence Le Vert epaile faxistak, Oihane Errazkin preso politikoaren heriotzan (beste gauza larri askoren artean) ardura zuzena duenak, emandako informazioan oinarrituta omen dagoela. Estatu frantsesak Euskal Herriarekin duen gatazka publikoki beti ukatu duen arren, errealitatea da espainiar Estatutuak markatutako bidea jarraitu duela beti, gerra zikinean izandako jarrera permisiboa barne. Frantziak Espainiari emandako txosten juridikoa euskal militanteak jazartzen jarraitzeko erreminta garrantzitsua izango da.

Guardia Zibilari dagokionez, tortura, heriotza, beldurra eta oro har indarkeria besterik ez dio ekarri Euskal Herriari. Erakunde militar hau da, inolako zalantzarik gabe, gure herrian jarduten duen talde terrorista garrantzitsuenetakoa. Gerra egitera etorri ziren eta gerra egiten jarraitzen dute. Euskal Herrian dituzten kuartel guztiak eraitsi beharko dituzte egunen batean benetako bakea ezagutu behar badugu.

Bukatzeko, esan nahi dugu horrelako atxiloketek erakusten dutela amnistia osoa gauzatu ezean (errepresaliatu politiko guztien askatasuna eta beraiek borrokara bultzatu zituzten arrazoien konponketa, independentzia eta sozialismoa alegia), preso politiko gehiago sortzeko arriskua egongo dela beti. Estatuek Euskal Herriaren kontrako gerran murgilduta jarraitzen dute, eta horrela segiko dute gure herria guztiz asimilatzen duten arte. Borroka da, beraz, gelditzen zaigun aterabide bakarra.

Euskal Herria, 2018ko urriaren 17a.

Amnistiaren eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.