Karasatorre eta Iragiren senideei zigorra eta Urrutiaren lagunaren istripua

Az, 2019/05/15 - 20:53 argitaratua

Ohar honen bidez Juan Ramon Karasatorre eta Harriet Iragiren senideek Albocasserren pairatutako tratua, baita Oier Urrutiaren lagun batek Logroñoko espetxera bidean izandako auto istripua ere salatu nahi ditugu. Haiei guztiei guztiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu.

Oier Urrutiaren lagunaren istripuari dagokionez, berriz ere geratu da argi ez dela nahikoa presoak etxetik gertuago edukitzea, baizik eta etxean bertan egotea dela beharrezkoa horrelako istripu gehiago ez gertatzeko.

Espainiako eta Frantziako Gobernuek sakabanaketa politika erabiltzen jarraitzen dute preso politikoei xantaia egiteko. Ezartzen dizkieten kartzela zigorrarekin nahikoa ez balitz bezala, sakabanaketa politikaren bitartez militantearen damua bilatzen dute horretarako hauen senideak erabiliz. “Damutu zaitez ala zure senideek odolez ordainduko dute” da presoei helarazi nahi dieten mezua. Haien helburua militantearen deuseztapena.

Zapaltzen gaituzten estatuek bultzatutako Euskal Herriaren asimilazio saiakera horretan, errepresaliatuen despolitizazioa hil ala bizikoa dute gure etsaiek, horrela borroka bera delako, matxinatzeko dugun eskubidea hain zuzen ere, zilegitasuna galtzen duena. Deportatu, iheslari eta preso politikoak terrorista bihurtuta, gatazka bera desitxuratzea bilatzen dute.

Bestetik, Juan Ramon Karasatorre zein Harriet Iragiren senideei Castellon-II kartzelan emandako tratua salatu beharra daukagu. Karasatorreren bikotekidea ukipen bidez miatzen saiatu ziren bisitara sartu aurretik erraketa-detektagailua pasatzean soinurik egin ez bazuen ere.

Emakumeak neurri horri uko egin zion eta hasiera batean bisitara sartzea galarazi zioten. Egoera honen aurrean bai Karasatorreren alabak zein Iragiren bikotekideak beraiek ere ez zirela sartuko esan zuten, protesta gisa. Bi Zerbitzuburu, ordea, haiengana atera ziren eta senideei arrazoia eman eta gero, denei utzi zieten sartzen. Alabaina, orain, bisitan joateko sei hilabeteko zigorra ezarri diete Karasatorre zein Iragiren bikotekideei.

Albocasserren gertatutakoa larria da, eta are larriagoa bi senideei ezarritako zigor gogorra. Zentzu horretan gogorarazi beharra dago 2009an eta PSOErekin Espainiako Gobernuan, hasi zirela preso politikoen senideen aurkako ukipen bidezko miaketa saiakera sistematikoak, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroa zela eta ondorioz espetxe politikaren arduradun nagusia.

Ehunka izan ziren preso politikoei eta haien senideei milaka kilometro egin eta gero lapurtutako bisitak, neurri umiliagarri honi uko egiteagatik. Jokoan zegoen borrokaren bitartez baldintza duin minimo batzuetan irabazitako eskubidea, eta pultsu gogorra planteatu zuten Madriletik. Neurri honek senideen arteko tirabirak eta kontraesanak eragin bazituen ere, gehienek mantendutako jarrera eredugarriari esker ukipenezko miaketak modu sistematikoan egiten saiatzeko inertzia bertan behera gelditu zen, orain arte horrelako hainbat kasu gertatzen jarraitu duten arren.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Juan Ramon Karasatorreren eta Harriet Iragiren senideek erakutsitako duintasuna eta elkartasuna txalotu eta bere mirespena erakutsi nahi die. Borrokak batzen eta indartsuagoak egiten gaitu.

Euskal Herria, 2019ko maiatzaren 15a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.