Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren aurrean

Og, 2019/05/16 - 16:30 argitaratua

Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin eta errepresioaren aurrean beti egiten dugun moduan, elkartasuna adierazi nahi diegu Urrutikoetxeari eta bere senideei. Era berean, berehala aske uztea galdegin nahi dugu, zapaltzen gaituzten Frantziako eta Espainiako Estatuei Euskal Herriko militante politikoak zigortzeko inolako zilegitasunik ez baitiegu onartzen. Beste pertsona bat atxilotuta egon liteke eta, nola ez, bere askatasuna ere galdegiten dugu.

Beste behin ere Guardia Zibila eta Frantziako Polizia ados jarri dira horrelako operazio bat egiteko orduan, aspaldiko partez Euskal Herriarekin zerikusia duen edozertan Espainiak eta Frantziak egiten duten bezala. Gerra zikina burutu izan du Espainiako Estatuak Frantziakoaren oniritziarekin, Guardia Zibila eta Espainiako Poliziari etxean bezala aritzeko baimena eman die eta euskal militanteen aurkako jazarpenean buru-belarri aritu dira. Espainiak eta Frantziak, batak eta besteak, Euskal Herria desagerrarazteko eta kapitalismoa sustatzen jarraitzeko interes amankomuna daukate. Biak dira Euskal Herriaren eta langileriaren etsai, eta ez da inongo bake prozesurik abian, asimilazio prozesua baizik.

Komunikabideetan agertzen ari diren informazioen arabera, Josu Urrutikoetxea ospitaleko aparkalekuan atxilotu dute, gaixorik omen dago. Ezin ahaztu Frantziako Estatuak preso eriekiko erakutsi duen krudeltasuna, eta bertan gaixotu direla Oier Gomez, Txus Martin, Lorentxa Guimon, Ibon Fernandez Iradi, Aitzol Gogorza eta beste hainbat. Josu Urrutikoetxearen osasun egoera ez dezatela erabili etekin politikoak ateratzeko, eta behar bezala artatu dezaten aske utz dezatela exijitzen dugu.

Euskal Herria, 2019ko maiatzaren 16a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.