Jazarpen polizialaren aurrean, gure babesa euskal gazteria iraultzaileari


Mehatxuak, telefono deiak, jarraipenak eta kolaborazio eskaerak salatu dituzte gazteek Ig, 2019/07/28 - 16:09 argitaratua

Gazte eta ikasle mugimenduko hiru kidek gaur, agerraldi publiko baten bidez, salatutako jazarpen polizialaren aurrean Ikusi hemen, babesa eta elkartasuna adierazi nahi die Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bai hiru gazte hauei zein haien militantzia kideei ere.

Gazteria konprometituaren jarrera eta militantzia baldintzatzeko indar poliziek Euskal Herrian historikoki erabilitako prozedura izan dira jazarpena, mehatxuak, bahiketak eta kolaborazio eskaerak. Kasu hauek garbi erakusten dute errepresioa ez dela desagertzen, baizik eta bere intentsitatea modulatzen duela une eta kolektibo bakoitzaren aurrean interesatzen zaionaren arabera. Gainera, indar polizialak selektiboak dira errepresio mota hau aplikatzeko orduan, militante politikoak beldurtzen saiatzeko bezainbeste baina demokrazian bizi garenaren amets faltsuan murgilduta daudenak ez esnatzeko asmoz.

Atzo bertan esaten genuen kontziente garela denbora aurrera doala, eta aurreko borroka zikloa ixtearekin batera borroka esparru berriak sortzen ari direla, eta borroka grina hori zela lehenengo eta gaurko belaunaldiak lotzen zituena. Horri gehitzen genion aurreko zikloaren ondorioz oraindik hamarkadetako kartzela zigorrak egiteke dituzten presoak daudela, eta gaurko eta etorkizuneko borroken ondorioz preso berriak sortuko direla ere, eta presoak ez direnean gazte hauek pairatzen ari diren jazarpena izango da.

Arrazoi hauengatik guztiengatik azaltzen genuen atzo bertan plazaratutako irakurketan, amnistia ezinbesteko aldarrikapena izaten jarraituko duela datozen hamarkadetan, eta horregatik berau aldarrikatzean borroka izango dugula ardatz. Borroka egitea zilegi eta beharrezkoa da herri eta klase moduan zapalduta ditugun eskubideak irabazteko. Besarkada estua gazte eta ikasle mugimenduko kideei. Borroka merezi du. Amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko uztailaren 28a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.