Itxaso Zalduaren atxiloketaren aurrean

Ar, 2020/07/21 - 14:13 argitaratua

Espainiako Polizia Nazionalak Itxaso Zaldua preso ohia atxilotu izana salatu nahi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Atxiloketa Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz izan da. Dirudienez auzi berri bat ireki dute bere aurka.

Atxiloketa honek, lehenago izandako beste batzuk bezala, Estatuek Euskal Herria umiliatu nahi dutela erakusten du. Militantzia eredu jakin baten aurkako bizi osorako espetxe zigorren bitartez borrokara batzen diren belaunaldi berriak kikildu nahi dituzte. Gure mugimendutik borrokarako beharra nabarmendu nahi dugu beste behin ere eta, era berean, antolatzeko beharra luzatu nahi diogu Euskal Herri Langileriari. Ez da bakerik egongo gatazkaren oinarrian dauden arrazoiak konpontzen eta gatazka horren eraginez errepresaliatutako militante guztiak libre egon arte.

ETAren jarduera armatuaren amaierarekin Euskal Herrira ez da bakea heldu. Errepresioa jasaten duen herri zapaldua izaten jarraitzen dugun bitartean ezingo dugu bakeaz hitz egin, estatuek eta euren morroiek egunerokoan inposatzen baitigute biolentzia estrukturala. Kolpatzen, atxilotzen, torturatzen eta espetxeratzen gaituen biolentzia hain zuzen ere, heriotzara eramaten ez gaituenean.

Benetako bakea lortuko badugu hori amnistia osoaren gauzapen integralaren eskutik etorriko da, preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen baldintzarik gabeko askatasunarekin, indar okupatzaileen kanporaketarekin eta hainbeste pertsona borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzearekin. Hori izango da gaurkoa bezalako atxiloketekin eta antzeko ekintza errepresiboekin bukatzeko berme bakarra. Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte!

Euskal Herria, 2020ko uztailaren 21ean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.