Ibon Iparragirreren osasun egoera hil ala bizikoa dela esan dute


Iturria: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza Or, 2017/10/13 - 16:04 argitaratua

Preso ondarrutarrari egin dizkioten azken analisietan Iparragirrek 20 defentsa baino ez dituela jakin ahal izan dute; “hilzorian” dagoela esan dute. “Espetxeko forenseak ezin du ziurtatu bi hilabeteko bizitza gelditzen zaionik”, esan dute senideek. Presoak beste pneumonia bat harrapatuz gero hil egingo dela esan du forenseak.

Egoera horren harira, domekan [urriak 15] elkarretaratze informatiboa egingo dute Ondarroan, 13:00etan Alamedan. Presoaren osasun egoeraren berri emateaz batera, egin beharreko mobilizazioen zirroborroa aurkeztuko dute.

Iparra Galdu Baik plataformak ondokoa esan du: “Egia da, lapurretak, irainak eta jipoiak jasan izan dituenean ere erabili izan dugula ‘muturreko’ hitza bere egoera azaltzeko. Oraingo honetan, bere osasun egoera da azken mugara ailegatzen ari dena, eta ez gabiltza txantxetan. Ez badugu zerbait egiten, eta bizkor, Ibon bertan geldituko zaigu”.

Pertsona heldu osasuntsu batek 723-1.124 inguruan izaten ditu defentsak; 500 defentsatik behera dauzkan pertsonak kaltetuta edukitzen du immunitate sistema.

Iparragirrek 450 defentsa zituen 2014ko martxoan berriro ere kartzelaratu zutenean. Ordutik, defentsak jaisten joan zaizkio, eta azken urtean 50 inguruan eduki ditu. Maiatzaren 31n pneumonia batengaitik astebetez Gregorio Marañon ospitalean ingresatuta egon zen; ekainaren 8ra arte egon zen ospitalean. “Zer edo zer gogortu zenean, berriz kartzelara bidali zuten [2017-06-08]“.

Azken odol analisiak irailaren 14an egin zizkioten. “Defentsak 50etik 20ra jaitsi zaizkio. 20 defentsa baino ez! Orain hartzen dute benetako zentzua orain dela hilabete mediku forentseak esandakoa: “Badakizu beste pneumonia bat harrapatuz gero hil egingo zarela, ezta?”.

Azaldu dutenez, 20 defentsagaz “edozein infekziok heriotzara eramango luke, kartzelako medikuei ezertarako astirik eman barik”. Plataformako kideek behin baino gehiagotan esan izan dute kartzelak ez duela presoak behar duen tratamendua bermatzen eta edozein urjentziazko egoerari erantzuteko ez direla gai.

Mediku forentse berak dio preso ondarrutarraren gaixotasuna C-3 estadioan dagoela (azken estadioa) eta ez dagoela egoera okerragorik

“Ibon lehenbailehen etxera ekarri behar da. Basaurira lehenengo, eta handik etxera. Hori izan zen aurrekoan erabilitako prozedura eta zenbat eta lehenago aktibatu, hobe; Alcala-Mecotik Basaurirako bidea ere ez da xamurra izango”.

Halaber, presoari heriotza iragarri zion mediku forentse berak dio preso ondarrutarraren gaixotasuna C-3 estadioan dagoela (azken estadioa) eta ez dagoela egoera okerragorik. “Forentseak dio presoari ezin zaiola bizitza aurreikuspenik egin. Bi urte barru hil daiteke, edo hiru egun barru. Alegia, Espainiako Estatuaren forentseak berak ere ezin du ziurtatu bi hilabete baino gehiago biziko denik! Zeren zain daude? Kartzelan hiltzen uzteko prest daude?Benetan, duintasunez hiltzen ere ez diote utziko?”, dio plataformak.

Psikiatraren txostenak dioenez, presoak erretrobiralik hartzen ez badu, ez da burua galduta daukalako, eta are gutxiago nahita bere osasun egoera txartzeko

Psikiatraren berbak. Forentseagaz batu aurretik, presoak psikiatraren bisita eduki zuen, “Espetxe Zuzendaritzak bidalitako psikiatrarena”. Eta psikiatraren txostenak dioenez, presoak erretrobiralik hartzen ez badu, ez da burua galduta daukalako, eta are gutxiago nahita bere osasun egoera txartzeko. “Psikiatrak dio Ibon egoeraren jakitun dela, eta esperientzian oinarrituta, 2001ean eta 2008an (espetxean sartu aurretik) erretrobiralak hartzen hasi eta bigarren mailako ondorioak zirela eta, bi aldiz hartzeari utzi egin behar zion, Osakidetzako txostenean argi eta garbi adierazten den modura”.

Horren aurrean, plataformak ondokoa dio: “Zeren zain dago Castro epailea? Ibonen osasun egoera ez da egonkorra, okerrera egin du, eta bere azken sententzian, besteak beste, egonkortasun horretan oinarritzen zen  Ibon kartzelan mantentzeko”.

Oro har, presoaren osasun egoera “hari baten menpe” dagoela diote. “Ibon kartzelan edo ospitalean hiltzen bada, argi daukagu arduradun zuzenak zeintzuk izango diren: Yuste, Zoido, Castro eta kartzelako zuzendaria bera. Baina horiekin batera, Ibonen heriotzak giza eskubideen defentsan lan egiten duten hainbat erakunde eta kargu zipriztinduko ditu.

Egoeraren aurrean, Iparra Galdu Baik plataformak dei berri bat egin nahi izan dio euskal jendarteari eta giza eskubideen defentsan diharduten erakunde eta norbanako guztiei: “Ibon lehenbailehen etxeratzeko mobilizatzera deitzen dugu”.