Hiru antifaxistaren atxiloketen aurrean

Og, 2018/12/13 - 01:05 argitaratua

Ekintza antifaxista batean parte hartzea leporatuta hiru gazteren aurka Ertzaintzak pasa den asteartean buruturiko atxiloketen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

  1. Atxilotutako gazteei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Agiri hau idazteko ordurako haietako bat askatu egin dute, beste biek atxilotuta jarraitzen duten bitartean. Denen askatasuna galdegiten dugu.

  2. Agrupación de Estudiantes en Defensa de España (AEDE) talde faxista sortzeko saiakera salatu nahi dugu. Bildu ditugun datuen arabera taldexka hau izaera faxistakoa da. Guztion helburua izan beharko litzateke izaera faxistako elementuak desagerraraztea.

  3. Espainiaren batasuna faxismoaren zutabeetako bat da. Batasun hori gabe elite nazionalkatolizisten estruktura soziopolitikoak ezingo luke biziraun. Faxismoa inoiz ez da aukera demokratikoa eta herrien zapalkuntzan oinarritzen bada, are gutxiago.

  4. Arrazismoa, homofobia, matxismoa eta nazionalismo inperialista bezalako baloreak inoiz ez daude arrazoi ideologikoetan oinarrituta, klase interesetan baizik. Faxismoaren aurrean, beraz, ez dute argudio politiko soilek balio, haien aurrerakada soziala indarkerian eta interes zitaletan oinarritzen baita. Faxistak ez dira faxista haien jarreraren etika faltaz konturatzen ez direlako, baizik eta interes pertsonalen alde gainontzeko guztiak zapalduta mantentzea komeni zaielako. Haien indarkeria ez da zilegi. Indarkeria horri aurre egitea, ordea, zilegi ez ezik, guztiz beharrezkoa da.

  5. Alderdi eta erakunde instituzional guztiek, batzuk zuzenki eta beste batzuk zeharka faxismoaren aurreko autodefentsa mekanismoak arbuiatzeagatik, ultraeskuinaren interesekin lerrokatu izana salatu nahi dugu. Larria ere kapitalismoaren sustapenerako komunikabideek bortxatzaileen, pederasten eta politikari ustelen ustezko errugabetasuna defendatzen duten bitartean, hiru gazte hauen aurkako akusazioa ontzat hartu izana.

  6. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antifaxistatzat du bere burua. Mugimendu antifaxistak gure babesa izango du beti.

Euskal Herria, 2018ko abenduaren 13a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.