Herrira antolakundearen aurkako epaiketaren aurrean

Or, 2019/04/12 - 16:51 argitaratua

Atzo jakin genuen irailean hasiko dela preso politikoen aferan lan egiten duten 47 pertsonaren aurkako epaiketa Espainiako Audientzia Nazionalean. 8 eta 20 urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat. Prozesu errepresibo honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honako irakurketa politikoa partekatu nahi du:

  1. Gure elkartasuna zapaltzen gaituztenen errepresioa pairatzen duen orori, eta kasu honetan azpimarratu behar dugu espetxe eskaeren gogortasuna. Eskaera hauek erakusten dute bakearen kontzeptuaz ezarri nahi diguten definizio okerra, zeinaren arabera biolentzia estrukturala justiziarekin nahasten den. Ezin dugu inolaz ere horrelakorik onartu, are gutxiago errepresaliatu politikoen aldeko bidezko aldarrikapenak delitu bihurtzen dituztenean.

  2. Akusazioak ez ditu soilik presoen aldeko militanteak erasotzen, berez nahiko larria litzatekeena, baizik eta gainera presoen senideak, abokatuak eta kartzelak gaixotu eta artatzen ez dituen militanteen osasunaren jarraipena egiten duten medikuak ere erasotzen dituela. Hauxe preso politikoei egonkortasun minimo bat ematen dien edozer ezabatzeko saiakera da, baita herria beldurtzeko eta geldirik mantentzekoa ere.

  3. Eraso hau ulertzeko orduan bizi dugun egoera politikoa ere ulertzea ezinbestekoa da. Estatuak Euskal Herria asimilatzeko saiakeran buru-belarri sartuta dauden honetan, errepresaliatu politikoak borrokaren isla dira eta gure herriaren etsaientzat militante hauen despolitizazioa hil ala biziko kontua da. Preso, errefuxiatu eta deportatu politikoak terrorista bihurtuta, gatazka bera desitxuratzea bilatzen dute asimilazioa naturaltasunez eta aurkakotasunik gabe burutu ahal izateko. Legez kanporatzeen garaian hasitako prozesua azkeneraino eramateko saiakera da hau.

  4. Hain zuzen ere Espainiako eta Frantziako Estatuak burutzen ari diren asimilazio prozesuaren une politiko honetan, amnistia osoaren aldeko borroka errepresaliatu politikoen askatasuna baino askoz gehiago ere bada. Amnistiaren defentsa borrokarako eskubidearen eta zilegitasunaren defentsa da. Amnistiaren defentsa biolentziaren monopolioaren aurkako ekintza da. Amnistiaren defentsa gure herriaren askatasunaren aukerak zabalik mantentzea da.

  5. Gauzak horrela, amnistiaren aldeko borroka indartzeko eta borroka esparru berriak zabaltzeko deia egiten dugu. Errepresaliatuen, langileriaren eta Euskal Herriaren askatasunaren alde, amnistia osoa!

    Euskal Herria, 2019ko apirilaren 12a.

    Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.