Hainbat atxiloketa Euskal Herrian sare sozialetan aritzeagatik

Og, 2018/02/15 - 17:33 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakin duenaren arabera, hainbat pertsona atxilotu ditu gaur Espainiako Poliziak Euskal Herrian, sare sozialetan 'terrorismoa goratzea' leporatuta.

Atxiloketa hauen aurrean, gure mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die atxilotuei eta, era berean, okupazio indarrei Euskal Herritik alde egiteko deia egin nahi du. Dagoeneko bi dira 'Armiarma Operazioa' delakoaren baitan zabaldutako prozeduren ondorioz espetxeratutako euskal herritarrak eta hainbat gehiago auziperatuak, epaituak eta kondenatuak izan direnak.

Gaurko atxiloketei, ohikoa denaren kontra, ez zaio inolako bonbo informatiborik eman, izan ere jakina baita Euskal Herrian adierazpen askatasunaren aurkako era honetako erasoek ez dutela inolako babes sozialik. Operazio honen bitartez Espainiako Estatuak oso jende zehatza baldintzatu nahi du. Dena kontrolatu nahi horretan, kaleekin egin bezala, Espainiako lurralde eta kultur eredua zein eredu ekonomikoa internet bidez zalantzan jartzen duen edozein mezu saihestu nahi du.

Espainiako Estatuak adierazpen askatasunaren arkako etengabeko erasoan dago. Antolakunde sozialak eta alderdi politikoak legez kanporatu, egunkariak eta aldizkariak itxi, militante politikoak zein kazetariak atxilotu eta torturatu, manifestazioak erasotu eta manifestariak jipoitu egin ditu... Kaleak hustu eta apaldu ondoren, Estatu espainolak sare sozialetako jarduera gutiz baldintzatu nahi du, berarengan ohikoa den moduan, errepresioaren bitartez.

Beste itxura bat hartuta, baina gure herriaren zati handia okupatzen duen Espainiako Estatuan nazional-katolizismoa da nagusi, Francorekin bezala. Horregatik, gure mugimenduak faxismoari aurre egiteko borrokarako eta antolakuntzarako deia egin nahi du. Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte!

Euskal Herria, 2018ko otsailaren 15a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua