'Gudariak direlako, amnistia osoa!' lelopean manifestazio nazionala burutu dute Bilbon


Testu originala (euskaraz) eta argazkiak La, 2018/11/24 - 20:07 argitaratua

    Gudariak direlako amnistia osoa! Lotsarik gabe eta argitasun osoz diogu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokalariak direla, horregatik daudela kartzelan, erbestean eta deportazioan, eta horregatik ere aldarrikatzen dugula amnistia.


    Amnistiaren aldarrikapena errepresaliatu politikoen askatasunaren aldarria baino askoz gehiago ere bada. Amnistiaren aldarrikapena herrien eta langileen askatasunaren aldeko oihua da. Amnistia zapalkuntzaren aurrean altxatu eta borroka egiteko eskubidearen defentsa da. Amnistia zapaltzen gaituztenen biolentziaren monopolioa ez onartzea da.


    Sarritan esaten digute kontrako poloek elkar erakartzen dutela, eta sinestarazi nahi digute norbaiti eraso egiten diona beltza izateagatik, emakumea izateagatik, homosexuala izateagatik edo pobrea izateagatik, eta horri aurre egiten dion antifaxista berdinak direla. Terminoak okertzen dituzte eta gainontzekoen okupazioa eta desagerpena bilatzen duen nazionalismo inperialista konparatzen dute libre izateko eta bizirauteko borroka egiten duten herrien nazionalismoarekin. Aurrerakuntzaz eta konpetentzia libreaz hitz egiten dute lapurtzen duen, familiak etxegabetzen eta langileak erailtzen dituen kapitalismoari erreferentzia egiteko, haien eskubideen defentsan barrikadak altxatzen dituztenei biolento deitzen dieten bitartean.

 
    Kontakizun faltsua eraiki nahi dute gure etorkizuna baldintzatzeko. Faxismoari aurpegia garbitzen diote eta gudariak terrorista bihurtu nahi dituzte borroka egiteko eskubideari uko egin diezaiogun. Inolaz ere ez dugu horrelakorik onartuko. Otzan nahi gaituzte, despolitizatuta, eredu politikorik gabe. Baina Euskal Herrian borroka eredu ezin hobeak ditugu, eta horiek gure herriaren askatasunaren aldeko gudariak dira. Haietaz harro gaude eta hari horretatik tiraka jarri nahi ditugu etorkizuneko borroka guztien oinarriak.


    Hemen boteretsuen aurrean makurtzen ez den herri duina dago. Hemen bere militante eskuzabalenen jarrera desinteresatua dela-eta hamarkadetan zehar mundu osoarentzako borroka eredua izan den herri bat dago. Hemen bere seme-alaba baliotsuenei xantaia egin diezaieten utziko ez duen herri bat dago. Hemen nondik datorren ahazten ez duen eta nora joan nahi duen argi daukan herri bat dago, borrokaren bitarteaz bere helburuak lor ditzakeela dakiena baina borrokarik gabe desagertzera kondenatuta dagoena. 


    Zentzu horretan mezu argia helarazi nahi diegu Euskal Herriaren etsaiei: ez esan berriro Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua dela bere errepresaliatuen egoeraren erruduna. Izatekotan, gurekin borroka konpartitu dutenen gaineko zor saihestezina da daukaguna, baina zuek, euskal jauntxoak, zuek, frankismoaren eta X Jaunaren oinordekoak, zuek, frantziar jakobinoak, zuek zarete herri honen historia politiko hurbilenean eragindako sufrimendu osoaren errudun bakarrak.


    Bukatzeko, gogora ekarri nahi dugu amnistia dela herri honi benetako bakea ekar diezaiokeen alternatiba integral bakarra, errepresaliatu politiko guztien askatasunarekin batera zapalkuntza nazionala eta sozialaren bukaera ekarriko duena. Askatasunaren alde dena eman zutelako, Euskal Herria eta euskal langileria borrokan eta tinko mantendu dituztelako, gudariak direlako, amnistia osoa!


Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

bilbo

bilbo

bilbo

bilbo

bilbo

bilbo

bilbo