Gudariak direlako, amnistia!


Ekainaren 2an, Puertoko kartzelara martxa Ar, 2018/04/17 - 02:34 argitaratua

Gaur, apirilak 17, Preso Politikoaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Mundu osoan zehar izaera ezberdineko preso politikoak topa ditzakegu: euren herriaren askatasun nazionalaren aldeko borrokan preso eroritakoak, komunistak, anarkistak... Baina ezberdintasunak ezberdintasun, guztiek amankomunean daukate ezarritako sistema kapitalistak inposaturiko basakeria bat edo gehiagoren aurka altxatu izana.

Preso politikoen existentziak barrikadaren beste aldean daudenen aurpegirik zital eta higuingarriena uzten du agerian. Gizakiak eragin dezakeen sufrimendu eta injustiziaren isla bihurtzen dira, eta preso mantentzen dituztenen krudelkeria, gehiegikeria eta koldarkeriarena ere bai.

Aldi berean, preso politikoek beste gauza on asko ere azaleratzen dituzte, izan ere borrokaren, duintasunaren, ausardiaren, eskuzabaltasunaren eta konpromisoaren ikur bilakatzen baitira, belaunaldi berriek ibili beharreko bidea argituko duen sua bihurtuz.

Frankismoaren helduaroan jaio zen Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, eta berarekin batera Euskal Herriko independentzia nazionala eta sozialismoaren aldeko borrokak uztartuko zituen kontzientziaren berpizkundea etorri zen. Lehenengo Estatu espainolaren errepresioak eta beranduago honi batu zitzaion Estatu frantsesarenak 30.000 preso politiko baino gehiago utzi dituzte gure herrian azken 60 urteetan, datu honi sortutako milaka iheslari eta deportatuak batu behar zaizkiolarik.

Gaurkoa bezalako egun batean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak harrotasunez aldarrikatu nahi du Euskal Herriko errepresaliatu politikoek burututako borrokaren zilegitasuna, eta beraiek sortu ziren enbor beretik sortuko diren adaxka berrien zaintzarekiko konpromisoa berretsi nahi du.

Hori dela eta, gure mugimenduak datozen hilabeteetan 'Gudariak direlako, amnistia!' lemapean burutuko duen kanpainaren berri eman nahi du. Haien militantziaz lotsatzen ez garelako, direnaz harro gaudelako, amnistiaren aldeko aldarriaz beteko ditugu Euskal Herriko kaleak.

Era berean, agiri honen bidez ekainaren 2an Puerto III-ko kartzelara burutuko dugun martxa iragarri nahi dugu. Puerto III-koaren erregimena espainiar Estatuko kartzelen artean gogorrenetakoa da, eta martxoaren 6an Xabi Rey Iruñeko preso politikoa hil egin zen espetxe politika hiltzailearen ondorioz. Martxoan ere, beste bi preso sozial hil ziren kartzela horretan. Horretaz gain eta beste preso politiko batzuen artean, Dani Pastor eta Iñaki Bilbao aurkitzen dira bertan.

Dinamika honen baitan eta aipatutako lelopean aurrera eramango ditugun ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia egin nahi diogu Euskal Herriari. Gudariak direlako, amnistia!

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 17a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioren Aurkako Mugimendua.

 

Puertora martxa