Gudari Eguna 2019: mobilizazioak egin dituzte Berangon, Donostian eta Bilbon


Agiria eta argazkiak Or, 2019/09/27 - 21:30 argitaratua

Gudari Egunaren baitan kontzentrazioa egin dituzte Donostian eta Berangon. Bilbon manifestazioa eta ekitaldia egin dute. Bertan kantautore batek abestu du, lore eskaintza egin diete borrokan eroritakoei eta agiria irakurri da.

Agiria:

Irailaren 27an 44 urte betetzen dira Francok bere azken fusilamenduak agindu zituenetik. Orduan Jon Paredes Manot “Txiki” eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko militanteak erail zituzten Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa irabazteko borroka egiteagatik. Beraiekin batera, Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón Garcia Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten komunismoaren alde aritzeagatik.

Ordutik hona, urtero ospatzen da Gudari Eguna irailaren 27an Euskal Herriaren alde bizitza eman zutenak oroitzeko. 1936ko Gerra Zibilean gudarien gorpuak areketara bota zituzten berberak eta haien egungo kolaboratzaileak dira gure herriaren alde gehien arriskatu zutenen memoria ahanzturaren hobi komunera bota nahi dutenak. Hain zuzen ere, hauexek dira oraintxe bertan Catalunyako oinarrizko eskubideen alde aritzeagatik independentisten aurkako sarekadak hasi eta salbuespen egoera ezarri dutenak, azken 44 urte hauetan eta gaur arte Euskal Herrian egin duten bezala.

Sarritan azaltzen digute frankismo garaian borrokatu zirenen jarrera zilegi izan zitekeen arren, frankismoaren ondorengo iruzurrari aurre egin ziotenak terrorista hutsak izan zirela. Orduko borrokalariak zein gaur egunekoenak berdin-berdin jazartzen dituzte, ordea, atzo, gaurko eta biharko gudariek jatorri eta helmuga berbera izan zutela eta dutela agerian utziz.

Borrokan eroritakoak eskuzabaltasunaren eredurik handiena dira preso, iheslari eta deportatu politikoekin batera. Dena ezer ezaren truke eman dutenen eredua dira, sistema honek bultzatzen duen indibidualismo eta elkartasun ezaren antagonismoa. Kapitalismoaren enpresa handien komunikabideek hedatzen duten zabor ideologikoaren aurrean, gudarien baloreek izan behar dute euskal gazteriaren erreferente nagusia. Borroka zilegi delako, gora eusko gudariak!

Euskal Herria, 2019ko irailaren 27a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Donostiko kontzentrazioa

Azalean agertzen denaren antzeko argazkia

Ekitaldia: pankarta "Borrokatzea zilegi delako, gora eusko gudariak" leloarekin, ikurrina eta amnistiaren bandera