Gudari Eguna 2018. Agiria

Og, 2018/09/27 - 03:18 argitaratua

Irailaren 27 honetan 43 urte betetzen dira Francok bere azken fusilamentuak agindu zituenetik. Orduan, Jon Paredes Manot “Txiki” eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko militanteak erail zituzten Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa irabazteko borroka egiteagatik. Beraiekin batera, Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón Garcia Sanz FRAPeko militanteak ere fusilatu zituzten komunismoaren alde aritzeagatik.

Frankismo ofizialaren azken erailak izan ziren hauek. Alabaina, gaur egunera arte ezarri diguten frankismoaren suzedaneo honek borrokan eroritako beste ehunka gudari bidetik galtzea eragin digu. Batzuek eskuak botatzen dituzte burura beraiek “demokrazia” deitzen dioten honi guk faxismo deitzen diogunean, baina Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak, Ahaztuak memoria historikorako taldeak bost borrokalari hauek gogorarazteko deitutako kontzentrazioa debekatu izanak, argitasunez erakusten digu orain 43 urte agintzen zuten botere faktikoak eta gaur agintzen dutenak berberak direla.

Esan bezala, PSOEren debeku honek erakusten digu edukitzailearen itxura aldatu den arren, edukiak berbera izaten jarraitzen duela, eta ustez ezkerrekoak ziren alderdi politikoek frankismoarekin benetan paktatu zutena, dena aldatzea ezer ez aldatzeko izan zela.

Sarritan azaltzen digute frankismo garaian borrokatu zirenen jarrera zilegi izan zitekeen arren, frankismoaren ondorengo iruzurrari aurre egin ziotenak terrorista hutsak izan zirela. Orduko gudarien aldeko ekimenak zein gaur egunekoenak berdin-berdin jazartzen dituzte, ordea, atzo, gaurko eta biharko gudariek jatorri eta helmuga berbera izan zutela eta dutela agerian utziz.

Borrokan eroritakoak eskuzabaltasunaren eredurik handiena dira preso, iheslari eta deportatu politikoekin batera. Dena ezer ezaren truke eman dutenen eredua dira, sistema honek bultzatzen duen indibidualismo eta elkartasun ezaren antagonismoa. Kapitalismoaren enpresa handien komunikabideek hedatzen duten zabor ideologikoaren aurrean, gudarien baloreek izan behar dute euskal gazteriaren erreferente nagusia. Izan zirelako gara, garelako izango dira. Agur eta ohore, eusko gudariak!

Euskal Herria, 2018ko irailaren 27a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.