Gaur Espainiako Audientzia Nazionalean izango diren epaiketen harira


Boro eta Altsasuko gazteak Al, 2018/04/16 - 02:41 argitaratua

Gaurkoan Espainiako Audientzia Nazionalean hastekoak diren bi epaiketen aurrean, Boro kazetariaren aurkakoa batetik eta Altsasuko gazteen kontrakoa bestetik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna agertu nahi die 9 epaituei eta honakoa adierazi nahi du:

Bororen aurkako epaiketa

6 urteko espetxe zigorra eta 6.200 euroko indemnizazioa eskatzen du fiskalak Jorge Correa 'Boro' kazetariaren aurka. Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2014ko martxoaren 29an monarkiaren aurkako manifestazio baten inguruko informazioa biltzen ari zenean. Poliziek jipoitu egin zuten manifestarien aurka oldartzen ari zirenean, kazetariak bere lana egiteari utzi ziezaion. Poliziak beti egiten duen bezala eta argitaratutako grabazioen arabera, kazetaria jipoitu eta gero berari leporatu zioten bi poliziari eraso egin eta lesionatu izana.

Espainiakoa indarkeriaren bidez sortutako eta mantendutako estatua da. Indarraren bidez hartu zituen menpean oraindik okupatuta mantentzen dituen herri zapalduak, eta indarraren bidez sustatu zuen gaur egun gutxiengo baten alde eta gehiengo baten kalterako indarrean mantentzen duen aberastasunaren banaketa. Francok ezarritako botere ekonomikoen euskarri gisa jarri zituen Borboitarrak Estatuaren Burutzan, eta horregatik beragatik mantentzen du Espainiako Estatuak monarkiaren aurka protesta egiteko eskubidearen debeku praktikoa.

Zalantzarik ez dago Estatu faxista izaten jarraitzen duela Espainia, herrien eta langileen kartzela, eta horregatik independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan berresten gara.

Altsasuko gazteen aurkako epaiketa

Guztira 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak Altsasuko 8 gazte hauentzat. Guardia Zibilak, Euskal Herria zapaltzen duen okupatzailearen papera betetzen duelarik, hamarkada luzeak daramatza euskal herritarrak estutzen, mehatxatzen, atxilotzen edota erailtzen gure lurretan espainiartasuna ezarri nahian. Eta Altsasuko Koxka tabernan 2016ko urriaren 15eko goizaldean gertatutakoa okupatzaileek sentitzen duten zigorgabetasunaren ondorioa izan zen.

Guardia Zibilek tradizioa bihurtu dute zerbitzuz kanpo daudenean ere jendearekin liskarrak sortzea, eta Euskal Herriko historiak horren adibide garbiak utzi dizkigu behin baino gehiagotan, batzuetan guardia zibilen armek ere liskar horietan protagonismoa hartu dutelarik.

Okupatzaileen indarkeriazko jardueraren ondorioz eta Sakanan historikoki presentzia itogarria izan dutelarik, herri honek aspaldi utzi zuen argi ez dituela bertan nahi ez Guardia Zibila ez gainontzeko indar errepresiboak ere. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Sakanan okupazio indarren presentziaren aurka betidanik mantendu duten jarrera txalotu, Ospa mugimenduaren kriminalizazioa salatu, Guardia Zibilaren presentziaren aurkako lanari zilgitasuna eman eta 8 gazte hauen kontrako muntaia mediatiko-poliziala gaitzetsi nahi du.

Bukatzeko, inolako konplexurik gabe esan nahi dugu guretzat justizia ez dela etorriko gazte hauek inongo epaitegitan epaitzetik etorriko, gazte hauei eta herri osoari eraso egiten diguten okupazio indarren kideak hamarkadetan zehar egin dituzten gehiegikeriengatik zigortu eta hemendik alde egitetik baizik. Okupazio indarrak, alde hemendik!

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 16an.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.