Gasteizko Udal Poliziak gazte bati emandako jipoiaren aurrean

Og, 2020/04/23 - 00:10 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Salbuespen Egoeraren baitan polizia ezberdinak aurrera eramaten ari diren errepresio dinamika salatu du hasieratik. Poliziaren gehiegikeriak ohikoak ziren lehenago ere, baina oraingoan testuinguru egokia sortu dute gehiegikeria horiek jende askoren oniritzia lor dezaten. Gizarte beldurtuek ustezko segurtasuna jartzen dute beti askatasunaren gainetik, eta Estatuak egoera baliatzen ari dira beldurra zabaltzeko eta eskubideak ezer ezean uzteko.

Oraingoan Gasteizko udal poliziak izan dira 19 urteko gazte baten etxean sartu, jipoitu eta atxilotu dutenak, leihotik arrautzak bota zizkielakoan. Gazteak ustez botatako arrautzetan arreta jartzeak, ordea, horrelako erreakzio baten atzean egon daitekeen bentako arrazoia ezkutatzea dakar.

Konfinamendu honek, beste gauza batzuen artean, kartzela arindu bat bihurtu da, batez ere, baliabide gutxien dituen jendearentzat. Ez da gauza bera 50 m2-ko pisu ala txalet batean bizitzea; ez da gauza bera konfinamendua pasatzeko diru-koltxoia izatea edo ziurgabetasun etengabean bizitzea. Edonola ere, argi dagoena da egoera honek frustrazioak eragiten dituela, eta sistema ez dela gai pandemiari modu egoki batean aurre egiteko, ez gaixoak artatzeko orduan, ezta osasuntsu dagoen jendea tratatzeko orduan ere.

Edozein kasutan, poliziaren jokabide hau ezin da justifikatu psikopata baten ikuspuntutik ez bada. Gaztea jipoitzean agerian uzten duten gauza bakarra, horrenbeste jendek poliziarekiko gorrotoa izatearen arrazoia da. Bizi duguna bezalako egoera gogor batean, enpatiaz erantzun beharrean, indarkeriaz eta harropuzkeriaz jokatzen ari da polizia Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

Zalantzarik gabe polizia sistemaren armada urbanoa dela eta bere funtzioa, oraintxe bereziki, herria diziplinatzea eta obedientzian eta sumisioan heztea dela, datozen urteetan gertatuko den talka sozialaren aurrean “artaldea” arditegian bilduta eta zintzo mantentzeko.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurreko Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die Gasteizko gazte honi zein poliziaren gehiegikeriak pairatzen ari den orori.

Euskal Herria, 2020ko apirilaren 23a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Azaleko argazki berbera