Gasteiz, 1976ko martxoaren 3a

Ar, 2022/03/01 - 22:30 argitaratua

Egun horretan, Gasteizen, poliziak bost langile erahil eta ehunka zauritu eta atxilotu zituen. Oraindik beste bi hildako (Basaurin eta Tarragonan) eta ehunka errepresaliatu izan ziren sarraski horren aurkako mobilizazioen ondorioz. Horixe izan zen burgesiaren erantzun politikoa langileen mobilizazioen eta auto-antolaketaren aurrean.

Garai hartan, antolatzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko tresna nagusia langileen batzarra zen, lantegiaren edo lantokiaren arabera. Batzar horiek izendatu zituzten beren ordezkariak patronalari aurre egiteko edo langileen beste batzarrekin koordinatzeko beste edozein egitura politiko edo sindikalen gainetik.

Horixe izan zen Gasteizko langileriak sarraskiaren garaian izan zuen borrokarako tresna nagusia. Era berean, ezinbesteko tresna izan zen errepresioari aurre egiteko, borrokaren erritmoak kudeatzeko eta elkartasuna gauzatzeko.

Distantzia historikoa eta baldintza objektibo eta subjektiboen aldaketa baloratuz ere, borroka-esperientzia hori beti izango da kontuan hartu beharreko erreferentea etorkizun sozialista bat eraikitzeko bide luzean.

Amnistia osoa

Euskal Estatu Sozialista eraikitzearen alde

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua