G7a eta Euskal Herriaren okupazio poliziala eta militarra

Az, 2019/08/21 - 14:44 argitaratua

Datozen egunotan, G7aren Gailurra eramango dute aurrera Euskal Herrian munduko hiltzailerik handienek. Bertan erabakiko dute milioika pertsona hiltzera kondenatzen dituen kapitalismo basatiari bultzada berria zelan eman. Gailurrean mundu osoko Estatutako eta Europar Batasuneko mandatari ezberdinek hartuko dute parte.

Frantziako eta Espainiako Estatuek okupatuta mantentzen dute Euskal Herria egunorokoan, eta bi Estatuen arteko sasi-muga erabilita kulturalki, ekonomikoki eta ideologikoki eragin zuzena duen banaketa administratiboa inposatzen diote gure herriari.

G7aren Gailurra okupazio horren adibide puztua besterik ez da. Kolore ezberdinetako 13.000 polizia eta militar baino gehiagok Biarritz eta Euskal Herriaren zati handi bat setiatuta mantenduko dute datozen egunotan, zapalkuntza nazionala areagotuz eta bertako langileriari bere bizi-esparruak lapurtuz elite ekonomikoen mesedetan.

Poliziaren paperari dagokionez, salatu beharra dugu bere funtzioa horixe dela, mundua kontrolatzen duten hiltzaile hauen txakur zaintzaileak izatea, gutxi batzuen biolentziaren monopolioa bermatzea gehiengo baten aurkako sarraskia zigorgabetasun osoz gauzatzen jarraitu ahal izateko. Segurtasuna deitzen dioten hori, benetan, kontrol soziala eta errepresioa da. Segurtasuna deitzen dioten hori boteretsuen biolentziaren justifikazioa da.

G7aren Gailurraren, okupazioa militar eta polizialaren, inperialismoaren eta kapitalismoren salaketarekin batera, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren aldeko aldarria egin nahi dugu. Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoek aldarri horien alde borroka egiteagatik ari direla errepresioa pairatzen, eta ehunka direla borroka horretan hildako gudariak. Euren borroka zilegi izan da, gailurraren aurka arituko direnena zilegi den moduan. Alde hemendik indar errepresiboak! Amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko abuztuaren 21a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.