Frantziako kartzelarien grebak presoen eskubideak zapaltzen ditu


Presoak bahitu gisa erabiliak izaten ari dira errepresio neurri berrien aplikazioa bilatzen duen protesta honetan Ig, 2018/01/21 - 20:00 argitaratua

            Urtarrilaren 15ean Frantziako kartzelarien sindikatuek grebara deitu zuten soldata igoerak eta presoen aurkako errepresio neurri gehiago eskatzeko, ustez hiru funtzionariok urtarrilaren 11n Vendin-le-Vieil-eko kartzelan preso baten aldetik pairatutako erasoa aitzakiatzat hartuta. Hilaren 15ean beste eraso bat pairatu zuten Mont-de-Marsan-eko kartzelan, betiere kartzelarien bertsioaren arabera.

            Langile borrokaz mozorrotutako greba honetan, kartzelariek bahitu gisa erabiltzen dituzte presoak. Espetxeetako sarrerak blokeatzearekin batera, hainbat kasutan presoen senideen bisitak baita kartzelak eskaintzen dituen elikagaien sarrera ere saihestu dituzte. Presoak artatzen dituzten medikuen sarrera eta presoen ospitalerako irteerak ere ekidin dituzte hainbatetan. Zenbait kartzelatan presoen matxinadak izan dira.

            Kartzelarien aldarrikapenen artean, soldata igoeraz eta kartzelarien kopuruaren handitzeaz gain, presoen kontrolerako eta errepresiorako beste garai batean erabilitako sistemen eta prozeduren berrezartzea agertzen dira. Hauen artean, presoei miaketa egin ahal izatea bisita bakoitza bukatu eta gero (gaur egun miaketak aldizkakoak dira eta susmoren bat justifikatuz) eta beraiek arriskutsuak deritzaten presoak sartzeko dagoeneko existitzen ez diren «Segurtasun Handiko Moduluen» berrirekitzea (Cartiers d’Haute Sécurité).

            Sistema errepresibo kapitalista sustengatzen dutenen greba honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak militar izaera duten funtzionario hauek presoen eta haien senideen bizitzez egiten duten erabilpen zitala salatu nahi du.

            Espetxeratuek egunero pairatzen dituzten mespretxu, eraso eta oinarrizko beharrizanen asetze ezari, kartzelarien blokeoak gehitu behar zaizkio oraingoan, gainera preso horien bizi baldintzei eraso zuzena egiten dieten aldarrikapenak medio direla.

            Langile borrokaren aitzakiapean kartzelariei elkartasuna adierazteko tentazioa sentitzen duen edonori gogorarazi nahi diogu hauek ez direla langileak, sistemaren txakur zaintzaileak baizik. Era berean, gogorarazi nahi dugu kartzelak sistema kapitalistaren zutabe nagusietakoa direla eta bertan, salbuespenak salbuespen, langile pobreak eta militante politikoak baino ez dituztela giltzaperatzen.

            Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die kartzelarien eraso hau pairatzen ari diren preso eta senideei, eta oso bereziki euskal militante politikoei. Azken hauei dagokienez, azpimarratu nahi dugu, beste behin ere, amnistiak baino ez duela bermatuko etorkizunean euskal militanterik bahitu gisa tratatuak ez izateko baldintzak eskuratzea, haien eta Euskal Herriaren askatasuna alegia.

Euskal Herria, 2018ko urtarrilaren 21a.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.