Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herria zapaltzen jarraitzen dute

Og, 2020/11/26 - 14:05 argitaratua

Azken asteetan hainbat errepresio ekintza egon dira, bai Hego zein Ipar Euskal Herrian ere. Esanguratsuenetako batzuk aipatuko ditugu.

Lehenengo kasuan arreta berezia jarriko dugu, Frantziako FIJAIT fitxategia edo "Arau-hauste terroristen egileen Fitxategi Judizial Nazional Automatizatua", ia ezezaguna delako.

Urruñan bizi den Peio Alcantarilla, euskal preso politiko ohiaren atxiloketa (2020-11-11), euskal preso politikoa izateagatik. Frantziak, bere histeria inperialistan, neurri politiko-administratibo bat sortu zuen (fitxategi berezi batean antzeztua (FIJAIT)), non jihadista eta preso politikoak hartzen dituen, euskaldunak eta korsikarrak barne. Dirudienez, 2016ko udan jarri zuen martxan (2015eko atentatu jihadisten ondoren), eta, bat-batean, Frantziako espetxeetan espetxeratutako 37 euskal preso politiko eta 7 preso politiko ohi sartu zituen. Antza denez, gerora, euskal preso politiko ohi gehiago sartu dituzte ehunekora iritsi arte (badakigu Hegoaldeko preso ohi asko daudela fitxategi horretan). FIJAITen neurriak hainbat dira: kontrol batean atxiki ahal dituzte, baita atxilotu ere; Pariseko epaitegiei beren bizilekuaren berri eman behar diete 3 hilean behin; helbidea aldatzen badute, jakinarazi egin beharko dute, gauza bera egin beharko dute atzerrira joaten badira... Fitxategi horretan 20 urtez egon beharko lukete, eta zenbait neurri edo betebehar 10 urtera amaituko lirateke. FIJAIT araudia ez betetzeak bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna ekar ditzake. Argi dago fitxategi honen asmo politikoa. Beldurtzea, desosegua sortzea, kontrolpean sentitzea..., bai bera, bai bere ingurukoak. Zigorra betetzen da okupatzen gaituzten bi estatuetako batek nahi duenean. Asko hitz egiten da adiskidetzeaz, baina ez da zaila ondorioztatzea ezin dela adiskidetzerik egon Euskal Herriko langileriak ez badu ordainik jasotzen maila sozialean zein nazionalean.

Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko bi militante atxilotu dituzte Bizkaian. Atxiloketa horiek Txikitoren ekimenak (batez ere, Euskal Estatu Sozialista sortzearen aldekoa, aldarrikapen estrategiko gisa) isilarazteko egin diren saioetan kokatu behar dira.

Beste aldetik, Patxi Ruiz euskal preso politikoak egin zuen borrokaldiari babesa eta elkartasuna adierazteko egin ziren mobilizazioetan ezarri ziren isunak ditugu. 100 isun baino gehiago 600 eurotik gora, kontzentratzeagatik, manifestatzeagatik eta, azken finean, elkartasuna adierazteagatik.

Asier Ezeizaren kasua, Frantziako Estatuan 12 urteko zigorra bete ondoren, Espainiara eraman zuten, inputatzen zuten karguetatik absolbitu eta aurtengo maiatzean aske utzi zuten. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du aske uztea ahalbidetu zuen ebazpena, eta auzia Auzitegi Nazionalera itzuli du. Kasu berri horrek adierazten digu zigorra Espainiak hala erabakitzen duenean amaituko dela.

Atzo ezagutu genuen Oier Oa euskal politikari ohiaren atxiloketa, Frantzian bizitzeko baimenik ez zuelako. Beste behin ere ukatu egiten zaigu euskaldunoi Euskal Herriko edozein tokitan bizitzeko dugun eskubidea. Antza denez, Oak behin baino gehiagotan eskatu du Larresoron bizitzea, eta beti ukatu izan diote, Frantzian bizitzea debekatuta duelako, hau da, Frantziak Euskal Herria onartzen ez duelako.

Duela gutxi salatu dugu Nekane Jauregiren estradizioaren kasua; beraz, ez dugu ohar honetan kasua aipatuko, errepresio-parametro berberetan sartzen baita.

Azkenik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ateratzen duen ondorioa argia da: batzuk Euskal Herria eta bertako langile klasea espainiartzen edo frantses bihurtzen tematu arren, XXI. mendean bi estatuek okupatuta jarraitzen dugu eta espainiar, frantziar eta zipaio burgesien botapean.

Amnistia osoa

Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren alde

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendu  - 2020-11-26