Foro Soziala (II)

Az, 2021/01/20 - 13:32 argitaratua

Duela egun batzuk, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak euskal Foro Soziala Paris, Madril eta EHBildu-ren euskal sozialdemokraziaren tresnatzat jo zuen. Adierazpen berrien aurrean, ohar hauek egin nahi ditugu.

Foro Soziala, Aieteko Konferentzia, bakearen artisauak, Sare, Sortu,... Egitura eta ekitaldi horietan guztietan beti borondate oneko pertsonak egon direla imajinatzen dugu. Egoera orokorra hobetu, sufrimenduak arindu eta, azken finean, zerbait positiboa ekarri nahi izan duten pertsonak.

Hori esan ondoren, esan behar dugu ere egitura horiek guztiak Paris, Madril, burgesia erregionalista eta "Euskal" sozialdemokraziaren (kolaborazionista bere egitura eta ekintzei dagokienez, eta ez bere jarraitzaileei oro har) interesen araberakoak direla. Azken horri, euskal sozialdemokraziari, eskatu diote ETA desagertzeko aldamioak eraikitzea eta, ondoren, Europako azkenetako mohikano bat 78-ko erregimenera 21. mendeko klabean birmoldatzea eta txertatzea (Sortu-k 78ko erregimena salatzen badu ere, bertan parte hartzen du).

Gauzak horrela, ez dugu inolako eskrupulurik izango erakunde edo egitura horiek guztiak jokatzen ari diren paper politikoa salatzeko, Euskal Herriak, gure euskal nazioak, pairatzen duen okupazioa eta esplotazioa zuritzen jarraitzen duten bitartean.

Foro Sozialak uste du "elkarbizitza demokratikoa eraikitzea" zaila dela eta konpromiso soziala eskatzen du. Euskal gizartea osatzen dugun guztiok eskubide zibil, politiko eta sozialen jabe garela dio.

Zatika goaz. Nola izango gara gure eskubideen jabe Euskal Herriaren okupazioa eta ustiapena onartzen badugu? Euskal Herriko hegoaldean zein iparraldean dagoen eskubide bakarra Espainia eta Frantziarena da. Euskaldunok ez dugu eskubiderik. Soilik Frantziako eta Espainiako sistemetan parte hartuz kudeatu ahal izango dugu (komeni bazaie) uzten digutena. Horrek ez du esan nahi boterea izatea.

Zer bizikidetza demokratiko bermatu behar dugu? 60 urtez terrorismoa praktikatu dugula esaten duena? Geure burua defendatzeagatik barkamena eskatu behar dugula esaten duena? Euskal Herria okupatzea eta esplotatzea ontzat ematen duena?

España, Frantzia eta Euskal Herriaren okupazioa eta esplotazioa defendatzen duten guztiak dira barkamena eskatu, euren ondasun zati bat jaso eta Euskal Herritik kanpora joan behar dutenak. Okupazioa normaltasun izaera ematen dutenei eta salatzen ez dutenei, kolaborazionista deitzen zaie. Bai, Vichy-koei bezala Frantzia okupatua zegoen garaian.

Egitura horiek guztiek ia 60 urteko liskar politiko eta militar baten ondoren, oreka demokratiko eta sozial ezinezkoa lortu nahi badute ere, badago kontu bat nahita alde batera uzten dutena.

Klaseen arteko borroka besterik ez da. Euskal Herria okupatuta eta esplotatuta dagoela (gezurtaezina dena) eta euskal nazioaren eskubidea negoziaezina dela (beste eskubide batzuk bezala) alde batera utzita, klaseen arteko borroka dago. Zentzu horretan, boterearen auzia ez da borondate onen kontua. Kapitalak (nazioartekoa, Espainiakoa, Frantziakoa) ez dio inoiz bere boterea lagako euskal proletalgoari, nahiz eta eskubide nazional eta sozialak zapalduak izan. Zalantzarik gabe, euskal proletalgoak hartu beharko du boterea, eta ez kudeatzeko, baizik eta Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko.

Horrela, ezinezkoa da klaseen arteko borrokaren gaurkotasuna alde batera utzi eta gatazka osteko adostasuna bilatzea. Izan ere, gertatu zenari buruzko ipuin frantsesa eta espainiarra entelekia bat da, eta, gainera, sistema espainiarreko eta frantseseko nazionalismoei baino ez zaie interesatzen.

Euskal langileriari, euskal proletalgoari, gauza asko falta zaizkio boterea hartzeko baina, jakina, horietako bakar batek ere ez du zer ikusirik elkarbizitza zoriontsu bat eramatea okupatzen, ustiatzen eta gure buruaren jabe izaten uzten ez gaituztenekin.

Amnistia Osoaren alde

Independentzia eta Sozialismoaren alde

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua - 2021-01-20