Espainiako Auzitegi Gorenak Saioa Sanchez, Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirainen kontrako 15 urteko zigorra berretsi du


Istanbulgo Protokoloaren baliagarritasuna onartzen du, baina ez kasu honetan Or, 2019/12/13 - 23:39 argitaratua

Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat eman du iaz Audientzia Nazionalak Saioa Sanchez, Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal militante politikoei ezarritako 15 urteko espetxe zigorra, erabateko inhabilitazioa 25 urtez eta Bilbon bizitzeko 10 urteko debekua kartzelatik irten eta gero. Zigor hau hirurek dituzten gainontzeko zigorrei gehitzen zaizkie, praktikan ezkutuko bizi osorako zigorra aplikatuz.

Atxiloketan zehar pairatutako tortura latzak deskribatu eta salatu zituzten bere garaian bai Beatrizek zein Iñigok, eta torturen prebentziorako nazioarteko Istanbulgo Protokoloak frogatutzat eman zuen beraien testigantzak guztiz sinesgarriak zirela. Auzitegi Gorenaren sententziak ere baliagarritasuna onartzen dio protokoloari, baina kasu honetan sinesgarritasuna kentzen dio psikologoek atxiloketatik bost urte pasatuta aplikatu zietela argudiatuta. Gorenaren esanetan eta adituen balorazioei muzin eginez, atxilotuek aurkezten duten sindrome postraumatikoa kartzelak berak eragindakoa izan daiteke, eta ez torturek.

Beatriz Etxeberriak Estrasburgon irabazitako errekurtsoari dagokionez, zeinaren arabera Espainiako Estatuak ez zuen ikertu euskal presoak jarritako tortura salaketa, Auzitegiak argudiatzen du Estrasburgok Espainiari ezarritako zigorra ez duela tortura egon denik ondorioztatzen. Jarraian dio Etxeberria dela torturak egon direla frogatu behar duena, nahiz Estrasburgoko sententziak argi uzten duen ikerketa efektiborik gabe torturatua babesgabe gelditzen dela tortura horiek frogatzeko orduan.

Saioak gertakarietan parte hartzearen inguruan (bonba baten kokapena INEMen bulego batean), sententziak dio nahikoa izan daitekeela hirugarren pertsona batek, kasu honetan Iñigo, bertan parte hatu zuela baieztatu izana, kontrakoa dioen jurisprudentzia ere existitzen den arren. Sententziak dio Zapirainek epailearen aurrean berretsi zuela komisarian deklaratutakoa. Sententziak zera dio: ...ni proclamó siquiera que en la detención de Beatriz Etxebarria existiera un contexto de verosimilitud a la alegación de Iñigo Zapirain de que su declaración estuvo condicionada por el maltrato policial que durante la detención oyó dispensar a su pareja, ni de que fue amenazado con que violarían a su pareja si no ratificaba ante el juez las declaraciones arrancadas en el interrogatorio policial.” Beatrizek, ordea, epailearen aurrean salatu zituen torturak lehenengo momentutik, objektu batekin bortxatua izan zela barne.

*Tortura testigantza: sakatu hemen

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die hiru euskal preso politikoei, eta Espainiako Estatuko estamentu ezberdinek torturaren babeserako eta torturatzaileen zigorgabetasuna bermatzeko duten erabakigarritasuna salatu nahi du. Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzeko ezinbestekoak diren enpresari handien komunikabideak ere.

Euskal Herriari amnistiaren aldeko borrokan buru-belarri murgiltzeko deia egin nahi diogu, zapalkuntza nazionala eta soziala pairatzen dugun bitartean errepresaliatu politikoak egoten jarraituko dutelako, eta errepresaliatu politiko bakarra gelditzen den bitartean ez delako bakerik egongo. Borroka zilegi delako, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2019ko abenduaren 13a.

Amnistiaren Aldeko eta Errekurtsoaren Aurkako Mugimendua.