Espainiako Audientzia Nazionalean sinatutako akordioaren aurrean

Al, 2019/09/16 - 19:47 argitaratua

Gaur bertan 11/13 auziko akusatuek Fiskaltzarekin zein AVT eta DyJrekin ere Espainiako Audientzia espainolean sinatutako akordioaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Apirilaren 12an gure elkartasuna adierazi genien prentsa ohar baten bidez prozedura honetan epaitzera zihoazen pertsonei, eta epaiketa honek zeukan garrantzi politikoa azpimarratu genuen. Preso politikoei egonkortasun minimo bat eman liezaiekeen edozer ezabatzeko saiakera zela salatu genuen, eta hauen despolitizazioaren bidez gatazka desitxuratzea eta Euskal Herriaren asimilazioa aurkakotasunik gabe eta naturaltasunez burutu ahal izateko beste urrats bat zela ohartarazi genuen.

(https://www.amnistiaaskatasuna.com/eu/artikulua/herrira-antolakundearen-aurkako-epaiketaren-aurrean).

Edozein gizakiaren kartzelatzea tragedia pertsonala bihur daitekeela onartuta ere, esan behar dugu kartzela beste borroka esparrutzat hartu dugula historikoki. Militante politikoak garen (eta diren) heinean, militante gisa hartzen ditugun erabakiek, ondorio pertsonalez gain, ondorio politikoak ere izan ditzaketela jakin badakigu. Irailaren 16 honetan sinatutako akordioak akusatuen egoera pertsonala arindu dezake, baina maila politikoan katastrofikotzat baino ezin dugu kalifikatu.

Militantzia politikoa erabaki libre eta kontzientea da, edozein momentutan bertan behera utz daitekeena norbait bere mugara iristen denean, zapalkuntza egoera baten aurrean norberaren konpromisoak behartutako jarrera bat da. Inori ez zaio mehatxu egiten borrokara bultzatzeko. Mehatxurik egitekotan, Estatuek etxean geldi gaitezen egiten digutena da. Norbait nekatuta egonez gero beti utzi zaio etxera joateko aukera, nahiz eta inoiz ez den egin beharrekoaren eredutzat jarri.

Aipatutako akordio honek, lehen esaten genuen moduan, ondorio politiko larriak dakartza errepresaliatuen inguruan lan egiteko borondatea daukan antolakunde zein militante ororentzat. Jarduera publikoa mantentzen duen edozein antolakunde politikoaren betebeharra da jarduera horren zilegitasuna (ez legezkotasuna) defendatzea. Akordio honek egin duena, kontrara, antolakunde horien kriminalizazioa eta jazarpena ontzat ematea izan da. Larriagoa da oraindik kontutan hartzen badugu akusatuetako asko kargu liberatuak izan dituztela, horrek aldez aurretik zenbait arrisku onartzea dakarrelarik.

Kartzelara ez joateko bide bakartzat akordioak defendatzen dituztenek, ahaztu egin dute Askapena antolakundeak defentsa politikoa egitea erabaki zuela orain dela ez hainbeste, eta akusatuen askatasuna irabazteaz gain, Askapenaren existitzeko eskubidea irabazi zuela etsaiaren begietara ere. Beste militante batzuek beste epaiketa batzuetan lortutako akordioak ezin dira konparatu jarduera publikoa mantentzen zuten antolakundeen legez kanporatzeko prozesuetan hartutakoekin, azkenengoetan epaitzen ari direna antolatzeko eskubidea bera delako.

Gaurko akordioan errepresaliatu politikoen eskubideen aldeko defentsa, defentsa juridikoa, asistentzia medikua, senideen antolatzeko eskubidea eta, oro har, edozein elkartasun keinua zigortzea ontzat eman dute. Honi gehitu beharko genioke ez dela akordio juridiko hutsa izan, baizik eta eragin politikoa daukan akordioa izan dela.

Akusazio partikular gisa aurkezten zen AVT talde ultraeskuindarrak oso positibotzat jo du akordioa, bere esanetan haien “kontakizunaren eraikuntzarako lorpen garrantzitsua” izan delako. Baina arazorik handiena ez da AVTri zer gustatzen zaion eta zer ez, baizik eta lengoaiak ideologia garatzeko orduan daukan gaitasuna hain handia dela, terminologian galdutako espazio bakoitza gure herriaren asimilazioa bultzatzen dutenen irabazitako bataila berria bihurtzen dela.

Honetaz guztiaz aparte, akordioak beste batzuen kontrako errepresioari erraztasunak ematen dizkio. Norberaren askatasun indibidualaren aitzakiapean, errepresioaren langa beste maila batean jartzea ahalbidetu dute eta lan politikoa egiten jarraitu nahi duten erakundeen kontrako jazarpenak zirrikitu berriak aurkitu ditu biolentzia estrukturala areagotzen jarraitzeko. Gehiagotan esan dugu errepresioaren mehatxuak ez gaituela gure bidetik desbideratuko, baina beste behin ere berretsi nahi dugun zerbait da.

Bukatzeko, salatu egin nahi dugu hainbeste hilabetetan zehar borondate oneko jendeari egindako iruzurra. Auziperatuen aldeko kanpaina aurrera eraman dutenek ez dute herriarekiko zintzotasunez jokatu. Fiskaltzaren eskua estutzen zuten garai berean, Euskal Herriari existituko ez zen hilabete luzetako epaiketari begirako elkartasuna eta laguntza eskatzen aritu dira. Manifestazio erraldoia burutu zuten irailaren 14an, eta honek beste hausnarketa bat egitera eramaten gaitu. Zertarako balio du hainbeste jende biltzeak kualitatiboki aldaketarik emateko borondaterik ez duzunean? Horretarako hain zuzen ere, gauzak bere horretan mantentzeko.

Euskal Herria, 2019ko irailaren 16a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.