Epaiketa berria Audientzia Nazional espainolean


Saioa Sanchez, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain epaiktuko dituzte bihartik aurrera Ar, 2018/06/05 - 02:22 argitaratua

Bihar hasiko da Espainiako Audientzia Nazionalean Bea Etxebarria, Iñigo Zapirain eta Saioa Sanchez euskal preso politikoen aurkako epaiketa berri bat. Oraingoa 2015ean egindako beste baten errepikapena da, izan ere herrialde horretako Auzitegi Gorenak epaia bertan behera utzi baitzuen Beak eta Iñigok pairatutako torturak ez zituztelako ikertu.

Frankismoan sortu zuten Ordena Publikoaren Auzitegia, eta frankismoa eta gero izena Audientzia Nazionalaren ordez aldatu zioten operazio estetiko baldarrean. Eta epaitegi horrekin egin bezala, gauza berbera egin zuten Estatu espainolaren gainontzeko erakunde eta ordezkariekin ere, epaileetatik polizietaraino, Gobernutik botere ekonomikoetaraino, Francoren ideien ordezkaritza egiten duten alderdietatik sistema ustel horren kudeaketan parte hartzearen truke herria traizionatu eta saldu zuten alderdietaraino.

Milaka dira Audientzia Nazionala deritzan auzitegi horretatik pasatutako euskal herritarrak, eta milaka dira bertako epaileen aurrean apurtuta, kolpatuta eta umiliatuta igaro direnak. Bea Etxebarriak aurreko epaiketan kontatu zuen komisariatik atera zutenean epaileari azaldu zizkiola pairatutako torturak, eta epaileak “euria entzuten duena bezala” jokatu zuela salatu zuen.

Tortura, beraz, ez da haien onetik kanpo zeuden zenbait funtzionariok aurrera eramandako praktika izan, baizik eta disidenteak zigortzeko makinaria oso baten emaitza. Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzeko ezinbestekoak diren enpresari handien komunikabideak ere.

50 urte igaro dira Txabi Etxebarrieta erail zutenetik. Faxismoaren aurka borroka egiteagatik lapurtu zioten bizitza. Bost hamarkada beranduago gudariak zigortzen jarraitzen dute Txabik borrokatu zuen sistema berberari aurre egiteagatik eta askatasunaren alde aritzeagatik.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere elkartasuna adierazi nahi die Saioa Sanchez, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain gudariei eta eskerrak eman nahi dizkie Euskal Herriaren askatasunaren alde erakutsitako jarrera eredugarriagatik. Era berean, esan nahi dugu Audientzia Nazional espainolari borrokalari iraultzaileak epaitzeko ez diogula inolako zilegitasunik onartzen. Gudariak direlako, amnistia!

Euskal Herria, 2018ko ekainaren 5a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.