Debekuen gainetik amnistiaren aldeko manifestazioa egin dute Iruñean

La, 2020/06/27 - 20:52 argitaratua

Bideoa.

Gaur, ekainak 27, “Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa!” lelopean manifestazioa burutu dugu Iruñeko kaleetatik. Espainiar Gobernuaren Delegazioak debekatu bazuen eta manifestazioa hasi behar zuen tokiko inguru osoa poliziaz bete badute ere, desobedientzia ekimen garrantzitsua egin dugu.

Gaur, Patxi Ruizen borrokak agerian utzitakoaren haritik tiraka, kartzelaren izaera hiltzailea eta hau Estatuek kalean egiten dutenaren isla dela salatu nahi genuen, sistema horren aurka dena eman dutenen zilegitasuna eta eskuzabaltasuna, eta amnistia aldarrikatzearekin batera. Gaurko mobilizazioa debekatuta, faxistek eurek erakutsi dute kartzela barruan eta kanpoan gertatzen dena logika errepresibo berean kokatzen dela.

Patxi Ruizek gose greba bukatu zuenean esan genuen berak pasatako lekukoa hartuko genuela. Esan genuen beste ezein presok horrelako neurri bati inoiz berriro ekin behar ez izateko ezinbestekoa zela kalea aktibo eta jarrera borrokalari batekin mantentzea, zapaltzen gaituztenekin talka egiteko prest. Horretarako gure antolakundetik harago doan esparru sozio-politiko oso baten laguntzarekin kontatzen ari gara, eta publikoki eskertu beharrekoa da.

Zentzu horretan azpimarratu behar dugu oraingo honetan ere, egoerak hala eskatu duen bakoitzean bezala, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esaten duena eta egiten duenaren arteko sintonia mantentzeko ahalegina egin duela, teoria eta praktika ahalik eta hobekien uztartzen saiatuz. Horixe izan da orain arte eta izango da hemendik aurrera ere gure praxia, eta ildo politiko horretan kokatzen da gaur aurrera eramandako manifestazioa. Herriak ematen digun zilegitasuna da gure manifestaziorako baimena.

Bukatzeko, ezin genuen aipatu gabe utzi herri mugimendua faxismoaren aurrean erakusten ari den jarrera eredugarria. Badakigu faxismoa Vox baino askoz gehiago dela, baina honen aurpegirik konplexurik gabekoena dela kontutan harturik, normaltasunez jardutea eragozten diegun heinean faxismoari Euskal Herrian posizioak irabazteri muga jarriko diogu, herriaren indarra erakusteko eta egin dezakeenaren kontzientzia hartzeko baliatzearekin batera. Faxismo tradizionala zein neo-faxismoaren aurrean, borrokarako prest! Borrokak ez du etenik, amnistia osoa!

Euskal Herria, 2020ko ekainaren 27a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.