Belen Gonzalezen heriotzaren aurrean


Mugimenduak doluminak adierazi nahi dizkio familiari eta preso politikoei egiten dieten xantaia salatu du Og, 2017/11/16 - 15:41 argitaratua

            Bart Belen Gonzalez Peñalva euskal preso politikoa hil da Donostiako Ospitalean. Belenek 8 urte zeramatzan “espetxealdi arinduan”, A Lamako (Pontevedra-Galiza) kartzelan minbizi bategatik ebakuntza egin eta gero bere gaixotasuna konponezina zela ebatzi zutenetik.

            Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak doluminak helarazi nahi dizkio Belenen familiari eta tristura adierazi albiste honegatik.

            Bestalde, gure mugimenduak Belenen ibilbide militantea goraipatu nahi du. Oso gaztetatik eskaini zion bere bizitza Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari, eta kartzelan egonda ere duintasun eredua izan da. Azkenik, preso hil da Belen, espetxealdi arindua aplikatuta bazioten ere, neurri honek eguneko 24 orduetako kontrolpean mantentzen zuelako eskumuturreko telematiko baten bidez. Belen hil denean eskumuturra jarrita zeraman oraindik.

            Gaur bezalako egun batean ezin dugu ahaztu gaixorik dauden preso politikoen egoera, eta oso bereziki Ibon Iparragirrerena. Hil zorian dago Ibon eta, hala ere, Jose Luis Castro Antonio epaile faxista bere etxeratzea atzeratzen ari da informe mediku berrien beharraren aitzakiapean, denbora hori Ibonen bizitza salbatzeko erabakigarria zian daitekeela jakitun baldin bada ere.

            Mendekua baino, xantaia da Espainiako Estatua euskal preso politikoekin egiten ari dena. Uztailean bertan Aitzol Gogorzak salatu zuen “Langraitz Bideari” heltzea eskaini ziotela (http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2017/07/aitzol-gogortzaren-erantzuna-espetxeko.html), damutzea ala hiltzearen joko gaiztoan ari direla agerian utziz.

            Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak borrokarako deia egin nahi du beste behin ere. Kasu hauen aurrean ez da nahikoa gizartearen ulerkortasuna humanoa bilatzea, baizik eta erosotasun burgesetik atera behar dugula herria. Kaleak borbor jarri beharra dugu militante politiko hauek etxera bizirik bueltatzea nahi badugu. Antolakuntzaz eta borrokaz lortuko dugu. Agur eta ohore, Belen!

Euskal Herria, 2017ko azaroaren 16a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.