Azken errepresio kasuen aurrean

Az, 2020/07/22 - 20:16 argitaratua

Idazki honen bidez Itxaso Zalduaren espetxeratzearen zein Oberena Peñan Patxi Ruizen alde pintaketak egitea leporatuta gizon baten atxiloketaren inguruko balorazio laburra egin nahi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Bi jazoera errepresibo hauek, bakoitza bere maila eta larritasunean baloratuta, erakusten dute Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herria eta langileriaren kontra gerran murgilduta jarraitzen dutela. Gure mugimenduak berdin salatzen ditu errepresio ekintza “gogorrak” zein “bigunak”, baina Estatuen jarrera norainokoa den aztertzeko orduan garrantzitsua da azpimarratzea bi kasu hauetako bakoitzean har zezaketen neurririk gogorrena hartu dutela beti.

Itxaso Zalduaren kasuan, kontrol neurriak hartu beharrean, kartzelan sartzea nahiago izan du Santiago Pedraz epaile faxistak, fiskaltzaren eskaerari men eginez. Ez du testuingurua kontutan hartu (Zaldua lanean egotea, ama izatea edo ETA dagoeneko ez existitzea) bere aurkako neurririk gogorrena hartzeko orduan.

Patxi Ruizen aldeko pintaketa egitea leporatuta atxilotutako gizonaren kasuan gauza berbera esan dezakegu: epaitegirako zitazioa eman beharrean, atxilotzea nahiago izan dute, oraingoan ere har daitekeen erabakirik gogorrena hartuta.

Euskal Herrian ez dago bakerik, gerra egitera etorri zirenek gerra egiten jarraitzen dutelako, bakea ez delako erantzun iraultzailearen gabezia. Hain zuzen ere erantzun honen faltak bake eza egonkortzen du, zapalkuntzari erraztasunak ematen dizkiolako eta askatasunaren urraketa sistematikoaren onarpenean oinarritzen delako. Estatu frantsesak eta espainolak azken garaietan hartutako erabaki errepresiboek agerian uzten dute haien helburua ez dela soilik erantzun iraultzailearekin bukatzea, baizik eta ideologikoki haien sistema kapitalistari eta eredu inperialistari kontrajartzen zaion azken hazia ere desagerraraztea.

Euskal Langile Herriari dagokio indarraren bitartez ezarri nahi diguten asimilazioa ez onartzea eta egoerari buelta emateko hazi ideologikoak etengabe ereitea, bai maila teorikoan zein praktikoan. Amnistiaren defentsaren, antolakuntzaren eta borrokaren bitartez lortuko ditugu gure helburuak.

Euskal Herria, 2020ko uztailaren 22an.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.