Azken asteetako gertaera errepresiboen inguruko irakurketa


Gasteizko Gaztetxea, Huerta de Peralta enpresako greba eta Biarritzeko errepresio poliziala Or, 2019/01/04 - 02:12 argitaratua

Euskal Herrian poliziaren partetik ematen ari diren errepresio kasuak hainbat izan dira azken asteetan, eta horien aurrean hartzen duen jarrera ezagutarazi nahi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Honako kasuei egingo diegu aipua: Gasteizko Gaztetxea, Huerta de Peralta enpresako greba eta Biarritzeko errepresio poliziala.

Errepresio kasu larriak gauzatzen ari dira azken asteetan Euskal Herrian zehar topa ditzakegun indar polizial ezberdinak, administrazio ezberdinek kudeatuta, baina amankomunean izanda Euskal Langile Herria zigortzeko tresna izatea.

Biarritz. Abenduaren 18an, Yves Le Drian Frantziako Atzerriko Gaietarako Ministroa Biarritzera etorri zen aurtengo udan Lapurdiko udalerri honetan burutu nahi duten G-7 deritzanaren goi-bilera prestatzeko asmoarekin.

Munduan zehar milioika pertsona erailtzen dituen kapitalismo basatiaren bultzatzaile nagusiak etorriko dira Euskal Herriko zonalderik turistifikatuenera. Lapurdi aberatsen atseden leku bihurtzen duten bitartean, bertako gazteak hemendik alde egitera behartuta ikusten dute euren burua haien jaioterrian ikasi, lan eta bizitzeko aukera lapurtu dietelako. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu Frantziako Estatuak okupatuta mantentzen dituen euskal herrialdeetako bat dela Lapurdi, eta ekimen honekin Euskal Herriko eremu horren frantziartasuna aldarrikatzea ere duela xede.

Abenduaren 18an Biarritz polizialki okupatu zuen Frantziako Estatuak. Ehunka polizia izan ziren biarriztarrei kalea lapurtzen, “Okupazio Inperialistaren Ministroari” lekua uzteko. Polizia Frantsesaren CRSak G-7aren aurka manifestatu ziren pertsonen aurka oldartu ziren eta hainbat zauritu eragin zituzten, tartean “flash-ball” baten inpaktua jaso zuen eta aurpegian oso zauri larriak pairatu zituen 18 urteko gazte bat.

Bestetik, Euskal Herritik kanpo (Bordelen), Baionako beste gazte batek eskua galdu zuen Poliziak protesta sozialetan parte hartzen ari ziren manifestarien aurka jaurtitako granada baten eztandaren ondorioz.

Bi kasu hauetan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die bi gazteei eta poliziaren jarduera salatu. Era berean, argi utzi nahi dugu eskubide sozialak aldarrikatzen duen edozein mobilizazioarekin topaketarako esparruak aurkituko ditugun arren, tinko kritikatuko dugula ere Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatzen ez duen edota gure herriaren asimilazio nazionala bultzatzen duen jarrera oro, hala nola eduki iraultzaile oro aspaldi galdu duen “La Marseillaise” bezalako ereserki chauvinistak Euskal Herrian abestea. Herri okupatua gara eta horrelako irainik ez dugu ontzat hartuko.

Huerta de Peralta. Borroka eredugarria burutzen ari dira Erriberako Azkoien herrian kokatuta dagoen nekazal-enpresa honetako langileak. Azken urtean borrokaren bitartez garaipenak lortzea posiblea dela erakutsi dute. Gehienak Euskal Herritik kanpo lanera etorritakoak dira eta, arrazoi horregatik, kalteberatasun egoera handiagoan daude. Egoera hau, beldurtzetik urrun, borrokarako arrazoi bihurtu dute.

Greba hasi zuten abenduaren 26an, enpresak kaleratutako lau langileri haien lanpostuak itzultzearen alde. Ohikoa den bezala, Polizia Foralak, Nafarroako zipaioek alegia, gogorki eraso egin die langileei protestetan zehar, hainbat zauritu eragiten. Langileen aurkako eraso hauek erakutsi dute Espainiar Estatu zapaltzailearen egituretatik, Nafarroako legebiltzarra kasu, ez dela posible hauen eragina gainetik kentzea, bai ordea haien joko arauen normalizazio politikoa egonkortzea.

Gure babes osoa langile hauek burutzen ari diren borrokari.

Gasteizko Gaztetxea. Udaltzaingoa Gaztetxean sartu zen Gabon Zaharreko jaian musikaren bolumena altuegi zutela aitzakia hartuta, lehenago abisurik eman gabe. Gazte Asanbladak salatu bezala, horrelako arrazoi bategatik ez da Gasteizko inongo beste lokaletan antzeko interbentziorik ezagutu. Gertatutakoa jasotzen duten grabazio ezberdinek frogatzen dute polizien helburua Gazte Asanblada eta gaztetxearen jarduera zigortzea zela.

Polizien jokaeraren ondorioz, bost gazte atxilotu zituzten, eta haietako bat espetxeratua izan da lehenagotik ere bere aurkako kausa bat irekita zegoelako. Ondorio larria Gasteizko udaltzainen jarduera errepresiboak izan duena. Beti bezala, poliziek haien aurkako erasoak salatu dituzte, baina irudiek eta gaztetxean sartzeko emandako argudioek argiki erakusten dute gazteria mobilizatuaren aurkako beste muntaia polizial baten aurrean gaudela.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak babesa erakutsi nahi die atxilotutako gazteei, Gasteizko Gaztetxeari eta oro har Euskal Herriko Okupazio Mugimendu osoari ere. Zentzu horretan gogorarazi nahi dugu Donostiako Kijera Gaztetxeak salatu duela desalojo arriskuan dagoela. Beraiei ere gure elkartasun osoa.

Ikusi dugunez, gure herria zatituta mantentzen dutenek era guztietako eta izen ezberdineko poliziak ezartzen dizkigute Euskal Herrian, baina guztiek interes berberei erantzuten diete. Indarraren bitartez eraso egiten diote langileriari eta saiatzen dira gure herriaren asimilazio kulturala eta sentimentala lortzen. Honen aurrean borrokarako deia egiten dugu beste behin ere.

Euskal Herria, 2019ko urtarrilaren 4a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.