Asier Guridiren atxiloketa eta estradizioaren aurka

Al, 2018/10/01 - 10:30 argitaratua

Asier Guridi Zaloña euskal errefuxiatu politikoaren aurka Espainiako Estatuak egindako estradizio eskaeren azterketa egiteko Venezuelako Auzitegi Gorenak agindutako bilatze eta atxilotze aginduaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

-Gure antolakundeak elkartasuna adierazi nahi dio Asier Guridiri eta bere jazarpenaren arrazoia den militantzia politikoaren zilegitasuna azpimarratu.

-Asier Guridi 1992ko abenduaren 15ean atxilotu zuen Espainiako Guardia Zibilak, eta bost egun luzez tortura basatiak aplikatu zizkion, besteak beste bainera (eskuak loturik izanda burua urez beteriko baineran sartu asfixia eraginez), poltsa (plastiko batez burua gogorki estaliz arnasa eragotzi) eta elektrodoak gorputzaren atal ezberdinetan.

-Guardia Zibilaren inkomunikazio epea amaituta, Baltasar Garzón epailearen aurrera eraman zutenean, Asierrek kuartelean pairatutakoa kontatu zion, baina epaileak ez zuen aintzat hartu eta kartzelara bidali zuen.

-Torturen bidez ateratako autoinkulpazioa oinarri hartuta, Guridi bost urtez mantendu zuten preso, tarterik handiena Ceutako kartzelan, bere etxetik mila kilometro baino gehiagora eta beste kontinente batean. Kartzelen arteko lekualdatzeetan hainbatetan jipoitu zuten guardia zibilek, eta kartzeleroek hirutan jipoitu zuten.

-Europako Giza Eskubideetarako Auzitegiak 20 aldiz kondenatu du Espainiako Estatua torturak ez ikertzeagatik edota tratu txarrak aplikatzeagatik; torturengatik kondenatutako polizia apurrak laster indultatuak izan dira; 10 dira euskal gatazkarekin zerikusian Espainiako Estatuak komisarietan eragindako hildakoak, eta beste 6 gerra zikineko mertzenarioek torturen bitartez eragindakoak (Lasa, Zabala, Jon Anza eta Almeriako kasuko hirurak); Torturaren Prebentziorako Istanbuleko Protokoloak 4.000 tortura salaketa berretsi ditu, eta kontuan izanda salaketen baino zati baino ez duela aztertu, 10.000 baino gehiago izan daitezkeela kalkulatzen da.

-Hau guztia ikusirik, Venezuelako Auzitegiari eskatzen diogu Espainiako Estatuak Asier Guridi Zaloña euskal militantearen aurka mantentzen duen jazarpen politikoan parte har ez dezan eta, behingoz, dagokion asilo politikoa onar diezaion.

Euskal Herria, 2018ko urriaren 1a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.