Aranzamendi eta Bellonen oroigarriei Guardia Zibilak egindako erasoaren aurrean

Or, 2018/03/30 - 12:55 argitaratua

Guardia Zibilak atzo Jose Mari Aranzamendi eta Arkaitz Bellon kartzelan eraildako preso politiken oroimenezko monolitoak Elorrion deuseztatu eta gero, Amnsitiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Guardia Zibilak, okupazio militarra, erailketa eta tortura hobekien ordezkatzen duen instituzioa alegia, herriak bere bi semeren oroimenez jarritako monolitoak erasotzearekin batera herri oso baten memoriari egin dio eraso. Estatu espainolak ez du sekula onartu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokalariek eta haien jarduera politikoak gure herriarengan beti aurkitu duten babesa, eta horren adibide garbia da atzo Elorrion gertatutakoa.

Sinbolo batzuk apurtuz mina eman diezagukete, baina ez da nahikoa gure memoria ezabatzeko ezta gure borrokarako grina itzaltzeko. Kontraz, gure ideiak sendotzeko eta gure bidearen zilegitasuna agerian uzteko baliagarriak dira. Okupazio indarren erakustaldi militarrek ez gaituzte kikilduko.

Errelatoa idazteko garaietan murgilduta gaude. Espainiar Estatua errepresioaren justifikazioan eta borrokaren kriminalizazioan sakontzeko operazioan sartuta dago buru-belarri. Lehenago frankistek ere egin zuten antzeko operazioa, batzuen gorpuak areketan pilatzen zituzten bitartean, preso politikoak esklabo moduan erabiltzen zituzten “garaileak” lurperatzeko mausoleoak eraikitzen behartzen zituzten.

Ildo beretik, etengabeak izaten ari dira “biktimak umiliatzea” leporatuta ezkerreko militanteak atxilotzeko operazioak. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gudarien memoria defendatzen jarraituko du. Are gehiago, inork ez diezagula eskatu gure etsaien memoria errespeta dezagun gure hildakoak iraintzen dituzten bitartean. Gudariak direlako, amnistia osoa!

Euskal Herrian, 2018ko martxoaren 30ean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.