Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako jazarpen poliziala

Ar, 2019/08/13 - 01:51 argitaratua

Ohar honen bidez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko hainbat kide jasaten ari diren jazarpen poliziala salatu nahi dugu. Guardia Zibilaren Valentin Diaz Blanco koronelak aurtengo maiatzean esan zuenaren arabera, Espainiako Audientzia Nazionalak ikerketa bat irekita mantentzen du gure mugimenduaren aurka, eta gure kideak “monitorizatuta” dauzkate, hau da, poliziak kontrolatuta.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren sorreratik bertatik izan dira gure militantziaren aurkako jarraipenak, eta ez da egoera hau salatzen dugun lehenengo aldia. Baina azken hilabeteetan jazarpen poliziala areagotu egin da, komunikabide faxistek errepresioaren jo-puntua gure gainean jartzen duten bitartean.

Oraingoan, jarraipenei eta bat-batean jarritako errepide kontrolei, militante batzuen etxeetan eta autoetan egindako sarrerak gehitu behar dizkiegu. Kasu guztietan, hankaz gora utzi izan dute dena baina inoiz ezer lapurtu gabe, eta beraz, lapurreta kasuak ez direla ondoriozta daiteke. Kasu hauek denboran eta formetan bat egiten dute, eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteen kontra burutu dituzte.

Orain dela aste gutxi ikasle mugimenduak ere jazarpen poliziala salatu zuen agerraldi batean, eta orduan ere salatu genuen espainiar eta frantziar Estatuek gure herria eta langileriaren aurkako gerran murgildurik jarraitzen dutela, eta errepresioa ez dela desagertzen, baizik eta bere intentsitatea modulatzen duela une eta kolektibo bakoitzaren aurrean interesatzen zaionaren arabera. Aipatutako kasuak Estatuen gerra zikinaren parte dira.

Beti bezala militantziarako eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta inoiz baino argiago esango dugu borroka egitea zilegi dela. Erabakigarritasun osoz esaten dugu ez dugula pausu bat ere atzera egingo gure bidean. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren babes osoa jazarpena pairatzen ari diren gure kideei. Ez zaudete bakarrik.

Euskal Herria, 2019ko abuztuaren 13a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.